2017ko martxoaren 8rako Adierazpen Instituzionala

2017 / 02 / 23

Eskoriatzako Udalbatzak, 2017ko otsailaren 21ean egindako ez ohiko bilkuran, aho batez onartu zuen martxoaren 8rako Adierazpen Instituzionala ordezkaritza orekatu baterako 8 printzipio jasotzen dituena, eta Txosten europarreko gomendioak eta Emakumeek eta Gizonek Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak ere onartu zituen. Gainera emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak onartu eta honako konpromisoak hartu zituen:

  1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea, betiere, sexu batek ere ez dezan izan %40tik beherako ordezkaritza (emakumeen parte-hartzea sustatzeko egitura espezifikoetan izan ezik).
  2. Zenbait mekanismo ezartzea, hautatutako emakume ordezkariak eskumen-banaketa edo funtzio-esleipen estereotipatuen edo bestelako diskriminazio- edo jazarpen-moduen eraginpean izatea eragozteko.
  3. Parte-hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ordutegien eta lan-metodoen eta herritarrei laguntzeko sistemen bidez.
  4. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea, itxura sistematikoa emateko, tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horren araberako neurri zuzentzaileak ezartzeko.
  5. Emakumeen parte-hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea, hala nola, emakumeen etxeak, jabekuntza eskolak eta/edo udal berdintasuneko kontseiluak, eta, besteak beste, emakume hautetsientzako ‘Virginia Woolf Basqueskola’ jabekuntza-eskolako programan parte har dezaten ahalbidetzea.
  6. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan, batez ere, gutxiengoen taldeko kideak diren emakumeei dagokienez.
  7. Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzea.
  8. Udaletako berdintasun sailetan eta gainerako udal sailetan neurri horiek gauzatu ahal izateko baliabide nahikoak jartzea.