Apirilaren 11n liburu azoka ospatuko da Eskoriatzan

2014 / 03 / 27

Apirilaren 23an “Liburuaren Nazioarteko Eguna” ospatzen da W.Shakespeare eta M. de Cervantes idazle handien omenez, eta arrazoi horregatik izaten da apirila liburuaren eta irakurketaren hilabetea.
Apirileko atarian, eta ohikoa denez, Eskoriatzako Udalak, beste behin ere, “Bat ekarri/Bat eruen” izeneko liburu truke azoka antolatu du aurten ere irakurzaletasuna bultzatzeko. Etxean egoera onean dauden eta erabiltzen ez ditugun liburuen trukea sustatzea bilatzen du egitasmoak. liburu azoka1

Aurreko urteetan bezala, liburuak aldatzea gura dituzten guztiek beraien liburuak bibliotekara eramanez gero, liburu bakoitzeko bale bat jasoko dute beste liburu bategatik aldatu ahal izateko azoka egunean.
Testuliburuak kenduta, edozein liburu eraman daiteke, hala nola, ipuinak, eleberriak, olerkiak edo sukaldaritza liburuak. Zenbat? Gura beste, izan ere, gero eta jende gehiagok aprobetxatzen ditu egun hauek garbiketa sakona egiteko etxean eta alperrik dituzten liburu asko kentzeko.
Bestalde, gero eta jende gehiagok deitzen digu inguruko herrietatik liburu trukean parte hartu dezaketen galdetzeko. Erantzuna, jakina, baiezkoa da, egitasmo hau zabalik baitago nahi duten guztiei.

  • Azoka: apirilak 11, ostirala, 18:00-19:30
  • Lekua: Plazan
  • Liburuak jasotzeko epea: apirilaren 9ra arte
  • Lekua: Bibliotekan
  • Ordutegia: 10:30-13:00 eta 16:30-20:00

Arratsaldeko 18:30ean “Zu be irakurle!! izeneko irakurketa publikoa izango dugu plazan. Ekitaldi horretan bakoitzak gustuko duen liburu baten pasarte bat irakurtzea nahi dugu, euskaraz, gazteleraz edo nahi den hizkuntzan. Irakurraldi bakoitza laburra izango da, eta parte hartzeko bibliotekan eman beharko da izena.

Bukatzeko, arratsaldeko 19:00etan “Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” lehiaketaren sariak eman eta saritutako lanak irakurriko dira. Lehiaketa LHko 6. mailako ikasleentzat antolatu da, eta gure aitona-amonen bizitzak ezagutzeko lanak aurkeztu beharko dira. Bakoitzak aukeratuko du ipuin moduan, elkarrizketa eran ala narrazio gisa aurkeztu. Helburua norbere aitona-amonak hobeto ezagutzea da, eta horretarako honako arlo hauei buruzko informazioa landu ahal izango da: familia mota, etxearen ezaugarriak, eskola kontuak…
Lanak bibliotekan aurkeztu behar dira apirilaren 5a baino lehen, 2 lan sarituko dira eta irabazleei Eskoriatzan gastatzeko 100 axtrokiko sari bana emango zaie. Ekitaldi hauek plazan izango dira, eta eguraldi txarra eginez gero bibliotekan.

Ezagutzen ez dena ulertzea zaila delako
eta ulertzen ez dena maitatzea ezinezko.