Asteartean hasten da zientziari buruzko zikloa, eta igandeko ikuskizunera joateko sarrerak jadanik agortu dira.

2019 / 02 / 08

Datorren asteartean, martxoak 12, Bittor Rodriguezen hitzaldiak emango dio hasiera Eskoriatzan, lehenengo aldiz, antolatu den zientziari buruzko zikloari, “Zientziaren argitan, egia ala gezurra?

Arratsaldeko 19:00etan, EHUko ikerlariak elikadurari buruz egunero entzuten ditugun mitoak eta gezurrei buruz hitz egingo digu.

Hitzaldiaren helburua da elikadurari buruzko informazio zehatza eta benetakoa ematea, elikadurari buruzko mitoak eta gezurrak aztertzea ikuspegi profesionaletik eta gure inguruan gehien zabaldutako uste ustelak agerian uztea.

Gainera, EHUko ikertzaileak elikaduraren gainean kezkatzen gaituzten kontuei edo ditugun zalantzei erantzungo die.

Bittor Rodriguez Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomaduna da eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da, eta baita dibulgatzailea ere. 17 urte baino gehiagoko esperientzia du nutrizio arloko ikerketan, 6 liburu argitaratu ditu, artikulu ugari nazioarteko aldizkarietan, eta hainbat komunikabideetan kolaboratzen du.

Hitzaldia euskaraz izango da eta gaztelaniarako interpretazio zerbitzua egongo da nahi duenarentzat.

Zikloko bigarren hitzaldia ere gaurkotasunezko gai eztabaidagarriei buruzkoa izango da: homeopatia, txertoak, tratamendu naturalak…

Victor Javier Sanz, kardiologiako eta familiako medikuntzako mediku espezialista, gai horietan aditua da eta hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu gai horiei buruz.

Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Bestalde, jadanik agortu dira otsailaren 17an, igandean, Javier Luxorrek, munduko mentalista onenetarikoak, eskainiko digun ¡Imposible! ikuskizunerako sarrerak.