Atez ateko bilketa sistema apirilaren 6an hasiko da

2014 / 03 / 27

Pasatu berri diren egunetan hondakinen atez ateko sisteman parte-hartzeko kuboak jasotzen ibili dira herriko kale eta auzoetako herritarrak, guztira %86 izan dira ontziak batu dituztenak. Udalak oso balorazio positiboa egiten du eta herritarrek azaldutako jarrera eskertzen du. Aste honetan, gainera, gauza bera egiten ari dira merkatariak, industriak eta landaguneko bizilagunak.

Banaketa egunak bukatuta, sistema berria apirilaren 6an jarriko da martxan. Egun hori  igande izango da eta egutegiarena arabera, organikoa atera beharko da zintzilikarioetara.

AtezAte_jasoketa egunakOrdutegian aldaketa bat

Herritarrei gogorarazten zaie bilketa goizeko 6:00etatik aurrera egingo dela, beraz apirilaren 6an, igandea, 19:00etatik aurrera eta goizeko 6:00ak arte atera beharko dituzte ontziak. Baina, badago salbuespen berri bat: larunbatetan, egutegiaren arabera ontzi arinak atera behar dira eta egun horretan ordutegia berezia izango da.

LARUNBATETAKO ORDUTEGIA: 19:00 – 23:00

Iganderako egin behar den bilketak ordutegi berezia duelako egin behar da aldaketa hori. Bergaran eta Oñatik ere horrela egiten dute eta ez da eragozpen handirik egon, horregatik espero dugu aldaketa honek Eskoriatzan ere ondo funtzionatzea.

Proba pilototik behin-betiko ezarpenera: San Pedro, Intxaurtxueta eta Gaztañadui (27 eta 29)

Behin-betiko sistema martxan jartzerakoan, proba pilotuan erabili ziren edukiontzi marroi komunitarioak kendu egingo dira. Hori dela eta San Pedro, Intxaurtxueta eta Gaztañaduiko 27 eta 29 atarietako herritarrek apirilaren 1ean eta 2an museora joan beharko dute, edukiontzi marroi bat gehiago jasotzera eta edukiontzi komunitarioetan erabilitako giltza entregatzera.

Apirilaren 1etik apirilaren 6a bitarte, auzo horietakoek edukiontzi marroi batzuk izango dituzte irekita organikoa atera ahal izateko. Sistema batetik bestera pasatzean auzokideei ahalik eta eragozpen txikiena sortzeko ahalegina egingo da.

Atez ateko hondakinen bilketa sistema berri hau martxan jarrita arazoaren parte izatetik, irtenbidearen parte izatera pasako gara eskoriatzarrok; zaborra sortzetik hondakinak bereiztera pasako gara. Eta hori guztion onerako izango delakoan gaude. Eskoriatzako Udalak konfidantza oso dauka herritarrek ondo erantzungo diotela erronka berri honi.