Azaroan Amama filma ikusteko aukera izango da Eskoriatzako Zaldibar antzokian

2015 / 10 / 20

amama_26590_1_31035_1

Asier Altuna “Kixi” zuzendari bergararraren  filma azaroaren 13an, 14an eta 15ean eskainiko da Eskoriatzako Zaldibar antzokian, honako ordu hauetan:

  • Azaroak 13, ostirala: 22:30
  • Azaroak 14, larunbata: 20:00
  • Azaroak 15, igandea: 19:00

Sarrera 4 euro izango da, eta aurrez, azaroaren 2tik aurrera, erosi ahal izango dira kiroldegian.

Zuzendaria: Asier Altuna
Aktoreak: Iraia Elias, Kandido Uranga, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Amparo Badiola, Nagore Aranburu.

Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egite bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama.

Baserriak garai bateko mundua irudikatzen du, geure begien aurrean desagertzen ari diren bizitzeko modua, jakintza eta balioak. Baserria sendia da, eta mende luzez oinordetzan jasotako jakintzan ditu sustraiak. Familian bi munduk talka egiten dute, eta bertan eteten da gurasoen eta seme-alaben arteko lokarria. Tomasen eta Isabelen seme-alabek mundu zahar eta berriaren arteko gatazka biziko dute; nola ihes egin baserriari jakintzaren katea eten gabe, nola aukeratu bidea arbasoei traizio egin gabe. Amaiak artearen bidez egingo die aurre barruan dituen bi mundu horiei. Bere bideari jarraitzeko baserritik irten beharko du eta aitari aurre egin, zauriak eragin eta lotura hori eten. Aurrera egiteko, ordea, arbasoen herentziarekin bizitzeko modua topatu beharko du. Bien bitartean, guztiei begira dago amama. Haren begiradak mutazio horri nolabaiteko zentzua emango balio bezala: bukatzen ari den munduari zein sortzen ari bide denari.