Azkenengo egunak ardo dastaketa, robotika eta josteko makina erabiltzen ikasteko ikastaroetan izena emateko.

2017ko azaroak 14

Igandean Txan magoak magia ikastaro bat eman zuen Eskoriatzan. Plazak berehala agortu ziren, bai ikastarorako bai arratsaldeko ikuskizunerako. Egun magikoa izan zuten gure herriko neska-mutilek, eta aukera paregabea familia aho zabalik uzteko ikasitako trukuekin.

Goian adierazitako ikastaro eta tailerretarako oraindik plaza libreak daude, beraz, interesa duten guztiek badute izena emateko aukera.

Gaur bertan ardo dastaketa hastapen ikastaroa egingo da kultur etxean, arratsaldeko 18:30ean, Jorge Fernandez enologoarekin (ingeniari agronomoa, “Master of Wine” Pariseko Unibertsitatean eta ardo dastaketan diplomaduna Frantziako Ardoaren Unibertsitatean). Izena emateak 5 euro balio du.

Bestalde, oraindik 4 plaza daude azaroaren 19an eta 26an egingo den robotika ikastarorako.
Ikastaro hau, 8 eta 12/13 urte arteko umeentzako da, hau da, LH3tik DBH1era. Ikastaroa kultur etxean izango da, 16:30etik 19:30era, 10 euro kostatuko da eta izen ematea plazak agortu arte egongo da zabalik.
Ikastaroak bi zati izango ditu: lehenengo egunean, umeek robot bat egingo dute energia berriztagarrien arloan erabiltzen diren materialekin; eta hurrengo domekan, BEE-BOT robotarekin jolasteko aukera izango dute.

Bukatzeko, hiru plaza daude datorren astelehenean, azaroaren 20an, josteko makina erabiltzen ikasteko tailerrerako. Horretarako, ariketak egingo dira abiadura eta tentsioa kontrolatzeko, ertzak josteko, puntadak doitzeko… Tailerra amaitutakoan, makinarekin egiten diren akats ohikoenak antzeman ahal izango dira, eta horiek zergatik gertatzen diren eta horiek konpontzeko trikimailuak ikasiko dira. Pertsona bakoitzak bere makina ekarri beharko du.
Tailer honetan izena ematea 5 euro izango da.
Interesa duten guztiek izena eman dezakete kultura etxean (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 15:00era) 943 714 688 telefonoan, kultura@eskoriatza.eus helbidean edo whatsapez 650 49 51 66 zenbakian.