Bigarren eskuko azoka Eskoriatzan

2019 / 05 / 02

Aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan izanda, maiatzaren 26an, hauteskunde igande horretan, izango da bigarren eskuko hurrengo azoka Eskoriatzan.

Goizeko 11:00etatik 14:30etara egongo da zabalik Herriko Plazan. Aurrekoetan bezala, denetarik saldu eta erosi ahal izango da azokan, betiere, egoera onean baldin badago eta bigarren eskukoa baldin bada: liburuak, diskoak, arropa, altzariak, jostailuak, kirol materiala… ez dago mugarik, helburua berrerabiltzea da, irteera ematea bere garaian erosi eta orain behar ez ditugun gauza guzti horiei.

Postu solidarioa

Horretaz gain, herritar talde batek postu solidarioa jarriko du, eta hor batuko den dirua Sendabide elkartearentzat izango da (VHL sindromearen ikerketari laguntzeko elkartea).

Sendabide Euskal Herriko Von Hippel Lindau sindromearen inguruan eragiteko sortutako elkartea da, gaixotasunaren eraginak jaso dituztenek, familiartekoek eta lagunek eratua. 2018an sortu zen Sendabide, alde batetik, gaixotasun arraro hori ezagutzera emateko helburuarekin; eta, bestetik, ikerketa proiektuak sustatzekoarekin. VHL sindromea ezaugarri genetikoek sortzen dute, eta VHL izeneko geneak duen mutazioaren ondorioz gorputzeko hainbat ataletan tumoreak hazten dira.

Gauzak horrela, deialdia egiten diete herritarrei erabiltzen ez dituzten arren erabilgarri dauden arropak, altzariak, jostailuak… aurreko egunetan kultur etxera ekartzeko edo egunean bertan goizeko 10:00etatik aurrera plazara eramateko. Jendeak ekarritakoa sailkatu eta prezioa jarri ondoren, azokan jarriko da salgai. Beraz, postu solidario horretan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.

Eman izena

Azokan parte hartu nahi dutenentzat Udalak mahaiak jarriko ditu eskuragai. Interesa dutenek mahaia erreserba dezakete kultur etxera deituz (tel. 943.71 46 88) edo e-maila idatziz (kultura@eskoriatza.eus).