Ergela antzezlana, misterioz betetako komedia

2018 / 04 / 13

Txalo Produkzioek ekoitzitako antzezlana aurkeztera etorriko dira igande honetan, apirilak 15,  Joseba Apaolaza eta Sara Cozar euskal aktore ezagunak. “Ergela” antzezlana inerpretatuko dute, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Sarrerak aldez aurretik eros daiteke kiroldegian, eta egunean bertan, antzokiko lehiatilan, ordu erdi lehenagotik. Prezioa: 4 euro.

Proba psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista –Joseba Apaolaza–, egunkari baten irakurri duen iragarki baten bidez, diru pixka bat irabazteko asmoz. Arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Psikologo misteriotsu batek –Sara Cozar– galdera sorta tranpatia egingo dio, urduritasunak jota utzi arte. Halabeharrez, bere onenak eman beharko ditu zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin.
Komediaz eta misterioz betea.

Ordu bat eta erdi inguru izango dituen antzezlana Jordi Casanovasek sortutakoa da, eta Begoña Bilbao da zuzendaria. Txalo antzerki taldearen funtzio horrek komedia eta thriller-a edo misterioa nahasten ditu; izan ere, trama guztiz ezinezkoak jarriko ditu jendaurrean, baina aldi berean sinesgarria ere bada, eta drama ere baduela esan daiteke, ikuslea entretenitzeko eta euren arreta pizteko solasaldiz betea dago eta.