Erosketa eta kontratazio berderako udal politikak

2017 / 04 / 07

Apirilaren 4an izandako udal osoko bilkuran, eta Irabazi Eskoriatzak proposatuta, aho batez erabaki zen erosketa eta kontratazio berderako politikak garatzea natur baliabideak arrazionalki kudeatzen eta ingurumen aldetik zuzen aprobetxatzen laguntzeko.

Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa den aldetik, Udalak funtsezko zeregina du ingurumena zaintzeko, bai praktika onak zuzenean bultzatuz bai gobernu onaren eredu izanez.

Erosketa eta kontratazio publiko berdearekin, agintari publikoak saiatzen dira erosgaiak, zerbitzuak edo obrak eskuratzerakoan produktu bakoitzak bere bizi zikloan ingurumenean duen eraginari begiratzen, eta horrela, alderdi ekonomiko eta teknikoaz gain, hori ere kontuan hartzen da ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko.

Horrela, erabiltzen diren materialen eta produktuen ingurumen portaerari (erabilera eta fabrikazio prozesu barne) erreparatu beharko zaio, eta baita kontratuak betetzerakoan erabiltzen diren metodo eta prozedurei ere. Era berean, hornitzaileen eta ekoizleen beraien ingurumen portaera ere aintzat hartuko da.

Adibidez, garbiketa zerbitzuak kontratatzerako orduan, garbiketa produktuak ekologikoak izan beharko dira eta, gainera, zerbitzua ematerakoan ahalik eta txikiena izan beharko da ingurumen eragina (ura eta energia ahalik eta gutxien erabiltzea, hondakinak gaika biltzea…).

Erosketa eta kontratazio publiko berdea