Eskoriatza, osasun sarea

2016 / 03 / 01

Eskoriatza, zure herria, OSASUNA da. Debagoieneko ospitalea (OSI), Eskoriatzako Osasun Zentroa eta Udaleko Kirol, Prebentzio eta Gizarte sailak osasun sarea sortzeko ahaleginetan ari dira herrian.

Helburua Eskoriatza ezagutzea da, bertako elementu osasungarriak identifikatu eta, parte-hartze komunitarioaren bitartez, Tokiko Osasun Sarea sortzea herrian.

“OSASUNA, oinarrian, egitura sozial bat da: pertsonen eta beraien eguneroko bizitzako -non pertsonek bizi, maitatu, lan egin, ikasi eta jolastu egiten duten- prozesuen arteko elkarreraginetik sortzen da”.

Osasunaren determinatzaileak (non eta nola bizi garen; horrek baldintzatzen baitu gure bizitza, gure osasuna) hauek dira: etxebizitza, elikadura, mugikortasuna, lana, segurtasuna eta babesa, azpiegiturak, hezkuntzako oinarrizko zerbitzuak, babes soziala, elkarteak eta bestelako erakundeak, pertsonak (eta beraien ezagutzak, trebetasunak eta abar), boluntarioak, aisialdia, kultura, jarduera fisikoa egiteko aukerak, espazio publiko irekiak, ingurumenaren kalitatea (zarata, airea, usainak, argiztapena…).

Eskoriatzako herriaren iritzia jasotzeko inkesta bat prestatu dugu, otsailean esparru zehatz batzuetan banatu dena: Osasun zentroan, Udala osatzen dutenen artean, Luis Ezeiza eta Arizmendi Almenen, Kiroldegiko nagusien ekintzetan, Olazar jubilatu elkartean, Amuska emakume elkartean, Osatuz elkartean, Mazmela auzoan eta Axtroki merkatarien artean.

Orain, inkesta herrian zabaldu nahi da, eta martxoan eskuragarri egongo da kiroldegian, liburutegian, Ibarraundin, Huhezin eta Udaletxean. Herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera, denok garelako Osasun Sarearen parte!

Inkesta on-line ere bete daiteke: Zure herria osasuna da.