Horrela nahi dugu gure Joseba Iñurrategi pilotalekua?

2014 / 05 / 19

Orain arte Joseba Iñurrategi pilotalekua zabalik egon da astean zehar 16:00etatik 22:00etara, eta asteburuetan egun osoan; baina, azkenaldian  gora-behera ugari egon dira eta horiek aztertuta Kultura batzordeak Pilotalekuaren ordutegia murriztea erabaki du.

Aurrerantzea, beraz, astean zehar 16:00etatik 22:00etara zabalik egongo da eta asteburuetan, berriz,  eskariaren arabera bakarrik zabalduko da.

Asteburuetan ixteko arrazoiak

Zeintzuk dira Kultura batzordeak pilotalekua asteburuetan ixteko izan dituen arrazoiak? Aste Santuan izandako azkenengo gorabeherak:

  • Kristalak apurtuta.
  • Iturri bat bere lekutik aterata.
  • Sarrerako atea gaizki.
  • Leiho pare bat apurtuta.
  • Zakarrontziak eserleku edo futbolean aritzeko ate bezala erabilita.
  • Zikinkeria non nahi…

Egindako apurketak eta bestelako ekintzak ez dira Eskoriatzako  herritar guztiek egindakoak, baina, herritar guztiengan dute eragina, eguraldiarengatik babesteko aisialdirako leku irekiak izateko aukera mugatzen baitute.

Hartutako erabakia pilotalekuaren erabilerari buruzko parte-hartze saioak egin artekoa da. Parte-hartze saio horretan gaia aurkeztu eta bestelako irtenbideak bilatzeko ahalegina egingo da.