Ikasturte berria Manuel Muñoz kiroldegian

2016 / 07 / 29

karrusela_kirolaEskoriatzarrok 2016-17 ikasturtea osasuntsu hastea eta 2016a fisikoki eta mentalki indartsu bukatzea da Eskoriatzako kirol zerbitzuaren helburua. Kirol eskaintzari dagokionez, iaz sortutako talde guztiak mantentzea, ordutegi zabalagoa eskaintzea eta ekintza berriak martxan jartzea da erronka:

  • Erorketen prebentzioa
  • Helduentzako igeriketa
  • Hastapen ikastaroak
  • Pilatesa egiten hasteko testa
  • Fitness eta Osasun Zerbitzuan, entrenamendu funtzionala

Aurten prezioak mantentzen dira guztiok ariketa fisikoaz eta kirolaz gozatu ahal izateko. Beherapenak ere izango dira zenbait kasuetan:

  • 9 hilabetez jarraian arituz gero -urritik ekainera-, azken hilabetea doan izango da.
  • Fitness-wellness ekintzak: 2. ekintzatik aurrera %50eko beherapena merkeenean (ekintzetako bat gutxienez 2 egunekoa izan behar da).
  • Jende gutxiko ordutegietan, zenbait kolektiborentzat 3 ekintza 2ren prezioan.

Irailaren 12an hasiko dira lehorreko kirol ekintzak kiroldegian eta uretakoak 19an, eta nahi duenak, beti bezala, urtean zehar 2 saio doan probatzeko aukera ere izango du. Horretarako, gonbidapenak bete eta izena eman beharko da kiroldegian. Eskaintzaren xehetasun guztiak webgune honetan kontsultatu daitezke.

Kiroldegiko abonatuentzat, iaz bezala, OSASUN Fitness zerbitzua izango da, astearte eta ostegunetan, ondorengo ordutegian: 10:30–11:30 eta 18:30–20:30.

Ikasturte honetako berritasuna da entrenamendu funtzionalak egiteko aukera dagoela, oso egokiak errehabilitazio prozesuetan. Gogoratu ere zerbitzuaren eginkizunen artean daudela bakoitzari zer nolako ariketa fisikoa egitea komeni zaion aholkatzea –aurrez bere osasun egoera aztertu ondoren– eta kiroldegiko aretotan dauden aparatuak egoki erabiltzen erakustea.

Gainera, zerbitzu horri bultzada emateko, Eskoriatzako Osasun Zentroa, Jaurlaritzako Osasun Saila eta Udaleko Gizarte eta Kirol zerbitzuak elkarlanean ari dira herritarrei “kirol errezeta medikua” eskaintzeko, eta aurten ere osasun zentrotik fitness zerbitzura zuzenean bideratuko da jendea. Helburua, ditugun ohitura osasungarriak egonkortzea eta ohitura desegokiak baztertzen laguntzea.

Kirol ekintzetarako zein kiroldegiko abonatu izateko kiroldegian eman daiteke izena edo, nahi izanez gero, izen emate orria jaitsi, bete eta helbide elektroniko honetara bidali: kiroldegia@eskoriatza.eus

Kirol zerbitzuaren helburua Eskoriatzako herritarrak aktiboak izateko bideak erraztea da, betiere, Osasunaren Mundu Erakundeak, OMEk, ezarritako jarraibideak kontuan harturik: denbora librean jarduera fisikoa egitea, joan-etorriak ariketa fisikoa egiteko baliatzea, lanean 2 ordu baino gehiago jarraian geldirik ez egotea…, laburbilduz, egunerokotasunean ohitura osasuntsuak barneratzea. OMEk gomendatzen du astean 150 minutuz egitea intentsitate ertaineko edo handiko jarduera fisiko aerobikoa edo, gutxienez, astean 75 minutuz, jarduera aerobiko bizia eta handia.
Eman pauso bat zure osasunaren alde!

Kirol jarduerak, ordutegiak eta prezioak