Inauteriak Eskoriatzan, tradizioari lotuta

2018ko otsailak 05

Inauteriei hasiera emateko “ostegun gizen” egunean Urdelardero eguna ospatzen dugu Eskoriatzan. Egun horretan herriko umeak baserritar jantzita kalez kale ibiltzen dira kantuan. Eskuan “ziria” eramaten dute, eta hor sartuta txorizoa, ogi-zatia, sagarra…. Garai batean, eskean ibiltzen zirenei etxekoandreek janaria jartzen zieten zirian, baina gaur egun balkoietatik gozokiak botatzen zaizkie.

Hori da mantendu eta indartu nahi dugun ohitura, horregatik, eskoriatzarrak animatu nahi ditugu umeak kantuan pasatzen direnean leiho edo balkoietatik gozokiak bota ditzaten.

Urdelardero egunean hau da abesten den kantua:

Urdelardero
Urdaixa jan da, bazkaixa gero
hor goixen itturri bat
haren gaiñian txoria
ura pil pil etorri
etxekoandre zabala
etxe oneko alaba!!

Kukumarruak

Eskoriatzan inauteri garaiko tradizioan antzinatik agertzen diren pertsonaiak dira Kukumarruak, gaur egunera arte mantendu duguna.

Kukumarroak mendian bizi diren basagizonak dira. Negu amaieran menditik jaitsi eta herriko jendea zirikatzen eta beldurtzen saiatzen direnak, eta haurren isekak jasotzen dituztenak: “kukumarro txorimalo”

Aurrekomantala loreduna janzten dute, heltzear dagoen udaberria irudikatuz, eta bizkar gainean ardi-larrua eramaten dute, bukatzear dagoen negu gorriaren adierazgarri.

Kukumarroak inauteri asteartean ateratzen dira kultur etxetik, arratsaldeko 17:15ean.

DOKUMENTALA: Inauteriak Eskoriatzan from Eskoriatzako Udala on Vimeo.