Joxan Artze, liburuaren inguruan antolatutako ekitaldien protagonista.

2018 / 04 / 20

Eskoriatzako Udalak, urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu ditu Liburuaren nazioarteko egunaren inguruan, eta horietako lehena igande honetan, apirilak 22, izango da, “Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat”,  Jon Sarasua aretxabaletarrak Joxan Artze omentzeko egindako errezitala.

Joxan Artze poeta Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat eta Mikel Laboaren kanta ezagunenetako batzuen letren egilea izan zen, besteak beste, “Txoria txori” eta “Gure bazterrak”. Jon Sarasuak Artzeren hitzak eta poemak kantatu eta kontatuko ditu emanaldi honetan.

Ikuskizuna arratsaldeko 19:00etan izango da, Zaldibar antzokian, eta sarrera 4 euro izango da.

Apirilaren 23an, astelehena, bigarren eskuko azokako liburuak egongo dira ikusgai bibliotekan. Nahi duenak liburuak erosi ahal izango ditu prezio sinbolikoan: umeentzako liburuak 0,50 eurotan, eta gainerakoak, euro 1ean. Azokarako liburuak eman nahi dituenak aste osoan zehar, astelehenetik ostiralera, egin ahal izango du. Bildutako dirua Eskoriatzako ume behartsuei eskolarako materiala erosteko erabiliko da.

Ostegunean, arratsaldeko 18:00etan, gure artean aspalditik ezaguna den Pello Añorga idazle eta ipuin kontatzaileak ipuin kontaketa saio bat eskainiko digu udal bibliotekan.

Eta amaitzeko, ostiralean, bigarren eskuko liburu azoka egingo da Zaldibar antzokian. Bertan, arratsaldeko 18:30ean, Beheko Errota musika eskolako ikasleek “Beenan eta Begigorri munstroa” ipuin musikatua joko dute. Ondoren, “Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” lehiaketako sariak banatuko dira. Lehiaketan HH6-ko 50 ikasletik gora hartu dute parte. Sari banaketa Dorleta Kortazarrek aurkeztuko du, eta amaieran ipuin txiki bat kontatuko du.

Apirilaren 23a egun berezia da literaturan, idazle asko jaio edo hil baitziren egun horretan, esate baterako, Maurice Druon, Laxness, Vladimir Nabokov, Josep Pla edo Manuel Mejia Vallejo. Baina, egun hori munduan ezaguna da nazioarteko literaturako hiru idazle handi hil zirelako egun horretan: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega.

Hala ere, bakarrik Inca Garcilaso hil zen egun horretan, Cervantes apirilaren 22an hil baitzen, nahiz eta hurrengo egunean lurperatu zuten, eta Shakespeare apirilaren 23an hil zen, baina, egutegi julianokoan, gregorianoan (gaur egun erabiltzen duguna) maiatzaren 3an izango litzatekeena.

UNESCOk 1995ean onartu zuen apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguntzat hartzeko erabakia. Gainera, 2001etik hiri bat izendatzen da urtero Liburuaren Munduko Hiriburu. Lehenengoa Madril izan zen urte horretan, baina, besteak beste, Alexandria, Amsterdam, Bogota eta Bangkok ere izan dira Liburuaren Munduko Hiriburu. Aurten Greziako Atenas hiriak jaso du ohore hori.