Lau zuhaitz kenduko dira

2019ko azaroak 13

Gure herrian arriskutsuak izan daitezkeela ikusi ditugun zuhaitz batzuk ebaluatzeko azterlana eskatu zion Eskoriatzako Udalak Ferrovial enpresari.

Oso zaila da zuhaitz baten egiturazko egonkortasun integrala ezagutzea, bereziki heldua eta tamaina handikoa bada, eta arriskuak baloratzeko modua kalte eta sintoma behagarriak antzematea eta zuhaitz bakoitzaren indarra eta egoera fisiologikoa kontuan hartzea da.

Azterketaren ondorioz, lau zuhaitz kendu behar dira, baina, biodibertsitatea babesteko, arbola-ipurdiak bertan lagako dira eta inguruan zuhaitz berriak sartzeko aukera aztertuko da.

Santa Marina

1.- Santa Marina plazako ibaiaren ondoko parketxoan dagoen india-gaztainondo bat (Aesculus hippocastanum). Enborra nahiko ustelduta dago, adar asko hilak, ez oso indartsuak eta hostogabe. Ez dirudi eroriko denik, baina litekeena da adarrak erortzea, baita enborra zatitzea ere, eta zuhaitzaren egoerak okerrera egitea.

Torrebaso inguruan

2.- Parkearen erdialdean dagoen 15 metroko altuerako zedro bat (Cedrus deodara). Oina erabat lehor du, eta, horregatik, kendu egin behar da, usteldu eta istripuren bat eragin baino lehen.

3.- Oina lehor duen lizarra (Fraxinus excelsior). Aurrekoaren gauza bera.

4.- Robinia edo sasiakazia bat (Robinia pseudoacacia), bidegorri berritik gertu. Osasuntsu egon arren, modu desorekatuan garatu da, hau da, alde batera oso makurtuta dago, eta bere pisuak berak lepo aldean eta sustraien goiko aldean nabari duen tentsioa eragiten du; horregatik, kentzea gomendatzen dute, istripuak saihesteko.