Merkataritza mahaia martxan da

2017 / 10 / 06

Tokiko merkataritzaren egoera zein zen jakiteko PERCOa, Eskoriatzako Merkataritza indarberritzeko plan berezia, egitea onartu zuen Udalak 2016an. Diagnosia eta ekintza plana egin zituen Ikertalde enpresak, eta bertan jasotakoa merkatari eta ostalariei azaldu zitzaien bilera batean. PERCOan proposatutako ekintzen artean, besteak beste, merkataritza mahaia eratzea zegoen.

Gauzak horrela, Udal Gobernua osatzen duten alderdi politiko guztiek tokiko merkataritza eta ostalaritzaren inguruan duten kezka agerian utzi eta egoera horren aurrean guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi dute. Ekonomia garapeneko batzordean alderdi politiko guztiak parte hartzen dute (EAJ, EH Bildu, Elizateak eta Irabazi) eta, bertan, aho batez onartu zen merkataritza mahaia sortzea urrats garrantzitsua dela.

Mahaia eratzeko proposamena aurkezteko bilerak egin ziren herriko merkatari eta ostalariekin, eta horiek begi onez ikusi zuten mahaia sortzea.

Horrela, dagoeneko martxan da merkataritza mahaia, eta irailaren 11n egin zuen lehenengo bilera. Bertara herriko hainbat merkatari/ostalari etorri ziren, eta baita alderdi politikoetako zinegotziak ere. Dinamika saio bat egin zen eta Eskoriatzako merkataritza indarberritzeko proposamenak egitea eskatu zitzaien merkatari eta ostalariei, eta ondoren, proposamen horiek sailkatu zituzten, gustukoenetik hasita.

Irailaren 18an, aurreko bileran egindako sailkapena aztertu eta boto gehien jaso zituzten proposamen artean, bi aukeratu ziren 2017an egiteko: herriko establezimendu guztiak jasoko dituen mapa eta erakusleiho lehiaketa Gabonetan.

Hirugarren bilera batean, irailaren 25ean egindakoan, aipatutako ekintzak gehiago landu ziren: maparen itxura eta edukia pentsatu ziren eta erakusleiho lehiaketako oinarriak erabaki.

Prozesu guztian zehar herriko 11 merkatarik/ostalarik parte hartu dute.

Merkataritza mahaia berriz ere bilduko da aukeratutako proposamenen jarraipena egiteko. Fase pilotu honen ondoren, urtarrilean bigarren fase bat zabalduko da, lehen fasean erabili den metodologia edo prozedura erabilita, 2018. urterako merkatari eta ostalarientzat ekintza garrantzitsuak identifikatu eta adosteko. Merkatari eta ostalari guztiei egingo zaie bertan parte hartzeko gonbitea.

Merkataritza mahaiak gogorarazi nahi du ezinbestekoa dela herriko merkatari/ostalari guztiek bertan parte hartzea, mahaia irekia dela eta edozein merkatarik/ostalarik parte hartu dezakeela.

Ekonomia garapeneko batzorderako positiboa da merkataritza mahaia egiten ari den lana, eta merkataritza biziberritzeko ematen ari diren pausuak sendoak eta adostuak direla deritzo, talde lan ona.