Musika material bilketa errefuxiatu siriarren kanpalekuentzat

2019 / 07 / 08

Mugarik gabeko musikariak GKE-k “instrumentu bankua” izeneko kanpainaren beste edizio bat jarri du martxan musika tresnak eta musika osagarriak batu eta errefuxiatu siriarren kanpalekuetara bidaltzeko, eta horrekin, gerra eta bonba hotsak entzun ordez musika hotsak entzuten laguntzeko.

Eskoriatzako Musika Eskolak bat egin du ekimen horrekin eta eskoriatzarrak animatu nahi ditu bertan parte hartzera. Horretarako, eskatzen dute edozein musika material, hala nola, musika jostailuak, partiturak, tresnak eta osagarriak, eman nahi dituzten pertsonek kultur etxera eramateko material hori (ordutegia: 8:00-14:00). Irailaren 2tik aurrera Musika Eskolan bertan ere utzi ahal izango dira.

Ez du axola tresnak zaharrak izan edo hondatuta egotea, konpondu baitaitezke edo hainbat tresnetako piezak aprobetxatu berri bat egiteko. Orkestra batean edo horren zatiren batean erabiltzen diren tresna mota guztiak eman ahal izango dira (arkuak, kokotsari eustekoak, sokak eta abar). Musikarekin zerikusia duen dena jasoko da.

Behin materiala jasota, sailkatu eta bildu egingo da kanpalekuetara urte amaiera aldera iritsi dadin. Erabilgarri ez dagoen materiala jabeari itzuliko zaio.

Mugarik gabeko musikariak 1995ean sortutako gobernuz kanpoko elkartea da, musikaren, musikarien eta munduko haur pobreenekin elkartasuna agertzen duten pertsonen artean elkartasun konpromisoa sortzeko, izan ere, musikak munduko etnien, herrien eta kulturen arteko harmoniaren, bizikidetzaren eta espiritu solidarioaren aldeko paper garrantzitsua izan baitezake.