Oroimena lantzeko tailerra

2017 / 09 / 19

Ikerkuntza asko daude baieztatzen dutenak egunerokotasunean beharrezkoak diren gaitasunen galera atzeratzeko orimena modu aktiboan mantentzea funtsezkoa dela. Buruaren estimulazioak arreta, oroimena, kontzentrazioa eta mintzamena mantentzen eta hobetzen laguntzen du. Hori dela eta, badira urte batzuk Eskoriatzan “Oroimena lantzeko” tailerra martxan dagoela, eta horixe da tailer horren helburua, oroimena modu aktiboan eta entretenigarrian lantzea, esperientziak partekatuz. Horrez gain, parte-hartzaile guztien esanetan, ondo pasatzeko aukera ezinhobea ere izaten da.

Tailerra Olazar Jubilatuen elkarteak antolatzen du eta Arrasateko Saroan enpresak ematen du. Asteazkenero izaten da, kultur etxean, eta momentu honetan bi talde daude: 15:00etan lehena eta 16:45ean bigarrena. Izena emateko interesa dutenek urte guztian izango dute aukera zabalik. Horretarako, Olazar jubilatuen bulegora jo behar da, astearte eta ostegunetan 11:00etatik 12:30era bitartean.

Herritarrak animatu nahi ditugu bertan parte-hartzera.

“Lantzen den guztia hobetu egiten da,
lantzen ez dena alferrik galdu.”