Osansuntsu hasi eta jarraitu 2015a Eskoriatzan.

2014 / 12 / 24

KiroldegiaUrtea osasuntsu hastea da Eskoriatzako kirol zerbitzuaren helburua. Kirol eskaintzari dagokionez, berriz, orain arte sortutako talde guztiak indartzea, ordutegi zabalagoa eskaintzea eta ondorengo ekintza berriak martxan jartzea da erronka:

  • Body balanzea.
  • 60+ senior gimnasia.
  • Igeriketa helduak.
  • Hastapen ikastaroak.
  • Pilates test indibiduala.

2015ean merkatu egin dira zenbait prezio, batez ere, hiruhileko tarifatan, guztiok izateko ariketa fisikoaz eta kirolaz disfrutatzeko aukera. Beste zenbait kasutan, beherapenak daude:

  • Fitness – Wellnesss ekintzak: 2. ekintzatik aurrera %50eko beherapena merkeenean (ekintzetako bat gutxienez 2 egunekoa izan behar da).
  • Jende gutxiko ordutegietan 3 ekintza 2ren prezioan zenbait kolektiborentzat.

Eta, beti bezala, nahi duenak 2 saio doan egin ditzake proba moduan. Gonbidapenak kiroldegian daude eskuragarri, eta eskaintza horien xehetasun guztiak hemen ikus daitezke.

Urtarrila eta otsailerako, berriz, ekintza osagarriak antolatu dira. Dagoeneko, Eskoriatza sartuta dago hainbat herrik osatutako spining eta zumba zirkuituetan (Oñati, Arrasate, Antzuola, Eskoriatza, Legazpi eta Zumarraga). Herri horietako batzuetan “Ziklon Day” (spininga) eta “Zumba Day” egunak antolatzen dira, eta ikasturte bukaeran maratoi-jaia ospatzen da. Zirkuituari azaroaren 8an eman zitzaion hasiera Oñatin, eta urtarrilaren 24an Eskoriatzan izango da. Egutegi osoa hemen

Bestalde, abenduaren 31n bukatuko da kiroldegiko urteko abonuaren indarraldia, eta aurreko urteetan bezala, ordainketa helbideratuta dutenek, urtarrilaren 10erako abonatu izateari uzteko orria ez badute entregatzen, instalazioetako abonatu izaten jarraituko dute 2014ko abonu motarekin. Abonu mota aldatzea nahi dutenek abonua berriztu beharko dute.

2015ko tarifak. Tarifa berezia dutenek (ikaslea, langabetua…) 2015eko urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dute kiroldegian egoera hori frogatzen duen agiriren bat.

Kiroldegiko abonatuentzat Osasun-fitness zerbitzua dago martxan astearte eta ostegunetan, ordutegi honetan: 10:15 – 11:15 eta 18:30 – 20:30. Zerbitzuak (kiroldegiko abonuaren barne dagoena), batetik, pertsona bakoitzaren egoera fisikoa eta osasuna aztertu ondoren, aholkuak ematen ditu pertsona bakoitzari komeni zaion kirolari edo ariketa fisikoari buruz; eta, bestetik, aholkuak ematen ditu gimnasioan dauden aparatuak egoki erabiltzeko. Gainera, zerbitzu horri bultzada emateko, Eskoriatzako Udaleko Gizarte eta Kirol zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Eskoriatzako Osasun zentroarekin batera, lanean ari dira “kirol errezeta medikoa” martxan jartzeko, eta horrela, “gaixoak” zerbitzu horretara bideratu bakoitzari komeni zaion ariketa fisikoari buruzko aholkuak jasotzeko.

Kirol ekintzetarako izena ematea zein abonuak kiroldegian bertan egin daitezke edo etxetik. Etxetik egiteko,izen emate orria jaitsi, bete eta helbide elektroniko honetara bidali ordainketa agiriarekin batera: kiroldegia@eskoriatza.eus