Sal Marina antzezlanerako sarrerak salgai

2020 / 03 / 06

Astelehenetik aurrera, martxoak 9, salgai izango dira “Sal Marina” antzezlanerako sarrerak Manuel Muñoz kiroldegian. Alanbike antzerki taldearen lan hori Zaldibar antzokian ikusi ahal izango da martxoaren 22an, igandea, 19:00etan.

Juana Lor eta Javier Liñerak zuzendutako antzezlan honek izendapen asko izan ditu eta sari ugari jaso antzerki lehiaketetan. Talde lan bat da, jende guztiari zuzendutakoa, gazteleraz, eta 70 minutu irauten du. (Sariak)

Sinopsia:

Belakiak 1.500 urte inguru bizi dira. Koralak, 4.000 bat urte, eta zenbait marmokari buruz – Turritopsis Dohrniia, adibidez- esaten da hilezkorrak direla. Gizakiaren bizi-itxaropena, batez beste, 80 bat urtekoa da, eta hilko dela pentsatzen ematen ditu horietako asko. Heriotzarekiko beldurra gorputzaren defentsa-mekanismoa da, bizirik iraun dezagun.

Marinak agorafobia du. Denbora luzea darama etxetik irten gabe. Mundu erosoa eraiki du inguruan, mundu hobea, eta bertan ez zaio ezer gertatuko, ez da ezeren beldur. Beldurrak egunero jotzen du bere atea, bizirik jarraitzen duela gogora dezan. Bizitzak berak aldarrikatzen du bizitzeko eginda dagoela, etxe barruan zein kanpoan.

Antzezleak

  • Arantzazu Sanz Fika: Marina
  • Irati Agirreazkuenaga: auzokidea
  • Juan Carlos Arboleya: ipuin kontalaria
  • Clara Ginés Viguera: Ama
  • Tomás F. Juanes Almaraz: Aita
  • Itziar Arroyo Puente / Amaia Ajuria / Clara Ginés Viguera / Tomás F. Juanes Almaraz / Irati Agirreazkuenaga / Juan Carlos Arboleya: ahotsak

Alanbike taldea

Alanbike taldea 2011n sortu zen, beharrak hala bultzatuta: presarik gabe ikertzeko gune baten beharra eta gorputza, burua eta ahotsa modu libre eta jarraituan trebatzeko beharra. Antzerkian trebatzeko, elkarlanean aritzeko eta hausnartzeko esparrua, norberaren hazkuntza bultzatuko duena, presentzia eszenikoaren oinarri teknikoak arakatzea ahalbidetuko duena, eta adierazpideen ikuspegiak bilatzeko balioko duena. Aurreiritziei, zailtasunei eta pentsamendu, epai eta jokabideen arteko bereizkeriei aurre egingo dien eremua.

Taldearen jarduna aktoreak trebatzera bideratuta dago, ikerketa-alor etengabeko gisa, eta antzezlanak modu kolektiboan sortzen dituzte, aldez aurreko testurik gabe; testua lantalde osoaren elkarlanari esker sortzen eta osatzen da, aktore, idazle eta zuzendariak batera, bilaketaren, ikerketaren, inprobisazioaren eta irudimen handiaren bitartez.

Ikerketa-teatroan EAEko erreferentziazko taldea den Bilboko Kabia antzerki-taldearen espaziora joan ziren 2013an, eta ordutik, bertako talde egoiliarra izan da gaur arte.