Santa Ageda eguna. Ohiturak eta berrikuntzak

2019 / 01 / 29

Santa Ageda eguna ohitura handiko jaia da Eskoriatzan, Euskal Herriko beste herri askotan moduan aspaldidanik ospatzen dena. Santa Ageda eguna otsailaren 5a da, baina jai gehienetan moduan, bezperan ematen zaio hasiera ospakizunari.

Eskoriatzan, lehen, Santa Ageda jaiaren protagonistak “kintoak” izaten ziren.  Kintoena Espainian XVII. mendean errotu zen ohitura da. 18 urte betetzen zituzten gazteek, Espainiako ejertzitoarekin instrukzioa egitera derrigortuta zeuden. Mutilak hautatzeko zozketa egiten zen, eta hala, bost mutiletik bat mobilizatzen zuten, hortik dator “quinto” (bosten) berba. Euskal Herrian kinto-sistema hau 1876. urtean jarri zen indarrean, foruak galdu zirenean.

Beranduago, sistema hori galdu egin zen, eta 18 urte betetzen zituzten mutil guztiak deitzen zituzten soldaduzkarako. Horrela izan zen derrigorrezko soldaduzka 2001. urtean kendu zuten arte.

Urte bakoitzeko kintoek, hau da, 18 urte betetzen zituzten gazteek hartzen zuten protagonismoa Santa Ageda egunean, aurrean zeukaten urte gogorraren aitzakian. Soldaduzkara joateko derrigortasuna kendu zenean, eta tradizioari eutsi nahian, Eskoriatzan Santa Ageda eguna ospatzen jarraitu da. Gainera, 2007. urtetik aurrera mutilak ez ezik, adin bereko neskek ere parte-hartzen dute.

Santa-eskean

Festa, otsailaren 4an hasten da, Santa Ageda egunaren bezperan. Urte honetan 18 urte beteko dituzten gazteek, hau da, 2001ean jaiotakoek, herriko baserriak bisitatuko dituzte. Baserritar jantzita, santa-eskean koplak kantatuz joaten dira elizate guztietako baserrietara.

Aspaldiko urteetan Jose Aranburuzabala “Trankilek” asmatutako bertsoak ikasi eta kantatu izan dituzte Santa Ageda neska-mutilek, baina aurten berrikuntza moduan moldaketa batzuk egin dizkiote Oihana eta Haizea Arana ahizpek, biak bertsolariak eta biak aurten kinto aterako direnak. Bertsoak eguneratu egin dira, erlijio kutsua alde batera utzita eta gaur egunera egokituta.

Hauek dira aurten abestuko diren bertsoak:
Usadioa galdu ez dadin
gure herri inguruan
Eskoriatzako kinto guztiok
gabiltza gogoz kantuan
hain egun seinalatuan
eskeko koplak ahuan
garai bateko arbaso zaharrek
egiten zuten moduan.

Nola ez garen ahots on eta
txanpon gehiegiren jabe
jasoko dugun edozerekin
oso eskertuta gaude
emana gutxi bada be
laster eingo dugu alde
baina ez zazu aterik itxi
limosnarik eman gabe.

Egun guztia pasako dugu
kalez-kale atez-ate
beraz eskerrak eman eta laster
goaz hemendik aparte
borondatea ikusi eta
kejarik ez dugu bape
aurrerantzean ederto bizi
agur eta ikusi arte.

Hurrengo eguna, Santa Ageda eguna, otsailaren 5a, herrian ospatzen da, eta janzkera aldatu egiten da: fraka eta alkandora, zuriak; alpargatak ere, zuriak, baina zinta gorriekin; eta gerrikoa eta txapela, gorriak. Lepoan, koloredun zapi handia.
Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerrikoa beltza ibiltzen dituzte. Egun horretan etxez etxe koplak kantatuz ibiltzen dira santa-eskean, trikitixak edo soinuak lagunduta. Herrian etxeak bisitatzeaz gain, lantegietan, tabernetan eta dendetan ere batzen da dirua eta herriko ikastetxeak ere bisitatzen dira, haurrei gozokiak banatuz.
Santa Ageda neska-mutilek 2 egunetan egiten dute dantza herriko plazan: lehenengoa, Santa Ageda egunean (otsailak 5, aurten, asteartea) eta bigarrena, hurrengo domekan, otsailak 10. Herriko kaleetatik atalataikoan datozela iristen dira neska-mutilak plazara. Arratsaldeko 7etan, elizako kanpaiekin batera, etxaflero bat bota eta dantza-ekitaldiari hasiera ematen zaio.