Sarrionaindiari buruzko GURE OROITZAPENAK filma, igandean Eskoriatzan

2018 / 11 / 28

Joseba Sarrionaindia Iurretako idazlearen obran oinarrituta 12 zinegilek taldean egindako “Gure oroitzapenak” filma, Donostiako zinemaldian estreinatu berri dena duela bi hilabete, ikusteko aukera izango da igande honetan Eskoriatzan.

Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia.

“Sarri” iruditan agertzea du helburu ‘Gure oroitzapenak’ filmak.  Eta nola egiten da hori? Bada, ez da egiten argazki zuri-beltzezko argazki harekin, edo 2016ko amaieran hainbat hedabidetan agertutakoarekin. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, “Sarri” iruditan jartzeko modua, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izan dute. Literaturaren munduan agertzen diren elementuetako asko agertuko dira filman, zalantzarik gabe: itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, nora eza, erbestea, gerra, suntsipena, amodioa, deriba, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura…

Asmo horrekin, Euskal Herriko eta beste hiru herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute proiektu hau. Proiektuan parte hartzen duten zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena…

Eguna: abenduak 2, igandea.
Ordua: 19:00
Hizkuntza: euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin.
Prezioa: borondatea (3 euro proposatzen da).
Lekua: Zaldibar antzokia.
Aforoa mugatua.

Informazio gehiago

Gure Oroitzapenak -Trailerra- from adabaki ekoizpenak on Vimeo.