UdaberriTxotx, udaberriaren eta sagardoaren jaia

2018 / 04 / 13

Hile honen 21ean, “UdaberriTxotx” jaia ospatuko da Eskoriatzan lehenengo aldiz. Eingeike elkarteak antolatu du Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin, eta bertara herritar asko gerturatzea espero da.

Jaia udaberrian gaudela  ospatzeko da, eta sagardoak izango du protagonismo nagusia. Goizean hasita, zenbait ekoizleren sagardoak dastatzeko aukera egongo da plazan, eta baita pintxoak ere. Aukera ederra da negu luzearen ondoren adin guztietako jendea kalera atera eta giro onean elkartzeko.

Herri bazkaria 15:00etan hasiko da, eta entsalada on bat eta plazan bertan erretako Eusko Labeldun saiheskia egongo dira bazkaltzeko. Prezioa ere herrikoia da, poltsiko guztietarako modukoa: 12 urte arteko haurrek 5 euro ordaindu beharko dute, eta 12 urtetik gorakoek, 10 euro.

Bazkalostean, bertso-saioa egongo da, eta ondoren, aulki-joko erraldoia.

19:30etik 21:00etara dantzaldia egongo da “Bide Batez” taldearekin,eta baita afalondoan ere, 22:00etatik aurrera.