Udalak 30.000 euro gehiago bideratuko ditu Ostalaritzari laguntzeko

2020ko abenduak 18

Premiazko laguntza horri, orain arte sektoreak jaso duen 26.000 euroko laguntza gehitu behar zaio.

Azken egunetako datu epidemiologiko txarrek eta koronabirus kasuen gorakadak, Eskoriatzako tabernak eta jatetxeak ixteko agindua ekarri du. Itxiera horri erantzuteko eta bereziki geldialdiak sektoreko langileengan izango duen eragina arintzeko, Eskoriatzako Udalak premiazko laguntzalerro berezia onartu du.

Laguntza bi irizpideren arabera emango da.

  • Batetik, egoitza soziala Eskoriatzan duten ostalaritza-establezimenduek 500 eurorainoko laguntza jaso ahal izango dute, dagoeneko erosita dituzten produktu galkorren kostua konpentsatzeko.
  • Bestetik, laguntza ekonomikoa emango zaie negozioaren titular edo autonomoei eta itxiera-datan kontratatutako langileei, lanik egiten ez duten egunengatiko soldata-galera neurri batean behintzat arintzeko. Pertsona bakoitzari dagokion zenbatekoa kontratuaren eta lanaldiaren araberakoa izango da.

Pandemia hasi zenetik, 56.000 euro zuzeneko laguntzetan

Laguntza hori ez da udal gobernuak martxan jarri duen bakarra; izan ere, pandemia hasi zenetik, ostalaritzaren sektorerako hainbat laguntza ezarri dira, besteak beste, 19.115 euro hondakinak biltzeko eta terrazak jartzeko tasak eta zergak barkatzeko, eta 18.651 euroko eta 40.000 euroko partida bana prestatu dira, hurrenez hurren babes eta higienerako materiala erosteko eta enpleguari eusteko laguntzetan. Azken bi laguntza horietan 7.450 euroko eskaerak egin dituzte orain arte ostalariek.