XI. Txikirri-Txikirri arrakastatsua izan zen

2017 / 06 / 20

Ekainaren 18an egin zen hildako mendizale eskoriatzarren omenezko Txikirri-Txikirri mendi martxa, Eskoriatzako Udalaren babes eta laguntzarekin antolatzen dena. Bi urtez behin antolatu ohi da, eta Eskoriatza inguruko mendi eta parejeetan egin ohi den 24 kilometro inguruko mendi martxa da.

Aurten 261 lagunek hasi zuten martxa, 91 emakume eta 170 gizonezko. Parte-hartzaileen artean bailarakoak 222 izan dira, gehienak eskoriatzarrak (94), baina baita atxabaltarrak (67), arrasatearrak (53) eta gatzagarrak (8) ere. Parte-hartzaileak tipologia guztietakoak izan ziren, adibidez gazteena 8 urteko gatzagar bat izan zen, eta zaharrena, berriz, 80 urteko arrasatearra.

Parte-hartzaile guztiek 7:30ean hasi zuten mendi martxan Eskoriatzako plazan eta lehena 10:30ean iritsi zen berriro bertara. Azkena, berriz, 13:57an.

Bero galanta egin zuen goiz guztian zehar eta ez zen inolako ezbeharrik izan, beraz, parte-hartzaileak eta antolatzaileak guztiak pozik.

2019ko ekainean izango da Txikirri-Txikirriren 12. edizioko hitzordua.