Uraska eta Harresia

Uraska

2011ko kanpainan uraska osoa berreskuratu zen. Ondorioz, bertaratuz gero, harginaren lanak oraindik ikus daitezke, haitzean landutako zulo perfektua egin zuten.

Uraskaren ondoan, ermita dagoen tokian, gotorlekuaren dorre nagusia egongo litzateke. Dena den, 2012ko emaitzei itxaron beharko diegu hori baieztatzeko.

2012an egindako zundaketatik ez ziren datu asko atera. Gune hori ermita eraikitzeko landu zen bere garaian, harria arbastatuz edo beheratuz, eta beraz, ez da gelditzen Erdi Aroko eraikinaren inolako arrastorik

Uraskaren ezaugarriak:

  • Luzera: 4 metro
  • Zabalera: 3,30 metro
  • Altuera: 1,50 metro
  • Edukiera: 20.000 litro ingurukoa

Harkaitzean egindako gazteluen artean, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaian ez da holako uraskarik aurkitu. 20-30 gizon inguru hornitzeko edukiera zuen.

Erdi Aroan gazteluak suntsitzeko uraskak deuseztatzen zituztela kontuan izanda, 2010. urteko kanpainan uraskaren deuseztatze prozesua aztertu eta egiaztatu zuten Larratekoek. Hau da, harri handiak, lurra eta ondoko harresiaren eraisketa identifikatu zituzten. Horretaz gain, 2010eko lan arkeologikoaren ondorioz, uraskako lurra estaltzen zuen argamasan, Nafarroako Antso Jakintsuaren (1150-1194) txanpon bat aurkitu zuten, uraska noiz eraiki zen edo noiz konpondu zen adieraz diezagukeena.

Segur aski, 1460. urtean konpondu zen uraska azkenengo aldiz eta ondoren, 1463 eta 1550 urteen artean, hau da, Gaztelako Henrike IV.aren soldaduen okupazioaren eta ermitaren eraikuntzaren artean utziko zuten gaztelua.

Harresia

2011. urtean gotorlekua babesten zuen harresia berreskuratzeko lanetan hasi ziren eta 2012an lan horretan jarraituko dute harresia guztiz berreskuratu arte.

Harresiaren 40 m berreskuratu dira, eta zenbait zatitan berregin behar izan da, batez ere, mendebaldeko horman, oso hondatuta baitzegoen. Horretarako, beharrezkoa izan da kareorearen osaera, kolorea eta abar aztertzea.

Hormaren ondoan zorua egin da antzinan erabiltzen zen kareorearekin, Erdi Aroko zoru orijinala birsortzeko asmoarekin. Jatorrizko zoru zati bat gorde da harresiaren angelu batean, sarrerako ate ondoan, eta egur batzuekin bereizi da berritik desberdintzeko.

Hurrengo kanpainan, 2014an, atea berreskuratzea gura da, eta horrela, harresiaren ingurubira osatu. Azalpen kartel batzuk ere jarriko dira.