2010eko indusketak

Indusketa kanpaina honetan aurreko urtean egindako zuloa handitu genuen eta uraska berreskuratu.

Uraskan egindako lanak zailak izan ziren, harri handiz, kareoredun hareaz eta beste hondakin batzuekin betelan handia eginda zegoelako. Garbiketa egin ondoren bere ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu ahal izan ziren. Aitzorrotzeko uraska harginak mazoz eta pikotxez irekitako zuloa da, lan burutsua: ertzak biribilduz zikinkeriarik batu ez zedin bazterretan eta, era berean, ia zirrikiturik gabeko horma leunak eginez.  Ez du harlanduz egindako estaldurarik, ezaugarri bereko beste gaztelu batzuen modura, eta beraz, horrek bakarra egiten du horman egindako uraska moten artean.

Garbi ikusten da gaztelua abandonatu ondoren uraska baliogabetzeko izandako asmoa, bi zulo egin zirelako nahita. Berreskuratze lanetan harriz eta kareorez itxi ziren zulo horiek lana bere osotasunean ikusi ahal izateko.
Bertatik ateratako materialak garrantzitsuak izan ziren, izan ere, inguruko lurrak erabili zirenez betelana egiteko Erdi Aroko aztarnak agertu baitira: txanponak, aplikeak eta zeramikak. Bitxikeria bezala esan daiteke lehenengo datazioa uraskaren oinarrian tinko sartuta zegoen Antso Jakitunaren (1154-1194) txanpon batek eman zuela, bat baitzetorren gaztelua eraiki zen garaiari buruzko beste erreferentzia batzuekin.

Zundaketa handitzeak ere datu oso interesgarriak eman zituen. Aurreko urtean aurkitutako Erdi Aroko zoruak agertzen jarraitu zuten, baina, baita ere kareorea zuen zurezko xafla bat zorura itsasteko hiltze zatiekin. Xafla horren ondoan su aztarnak zeuden, eta baita burdin zepak ere suak sortutako kolore gorria gordetzen duten hareharriekin batera. Hurrengo kanpainetan labe aztarna txikiak ere agertu ziren, eta horrek aditzea ematen du armak edo burdinazko tresnak egiteko lan txikiak egin izan zirela Burdin Arotik Erdi Aroraino.

Urte honetan gaztelu ondoko harkaitzean ere lan egin zen, eta ikusi ahal izan zen Erdi Aroan erabili zela, eta bertara iristeko harkaitzean zakar egindako eskailerak erabiltzen zirela.
Egindako zundaketa txikian zeramikak eta hiltzeak aurkitu ziren, leku hau erabili izan zenaren seinale. Dena estali zen berriz, hurrengo urtean itzultzeko asmoarekin.

Indusketak