100 urte trena Eskoriatzara etorri zela

2016 / 10 / 03

Vasco-Navarro Eskoriatzara estreinakoz iritsi zeneko mendeurrena aurtengo urriaren 4an izango da, eta gertaera hori gogora ekartzeko, Trena Eskoriatzan erakusketa egingo da Ibarraundi museoan.

1916-1967 bitartean Vasco-Navarro trenak, hemen inguruan nahiz haratago zeuden herri eta hiriekin komunikatu zuen Eskoriatza, trenez Donostiara, Gasteiza nahiz Bilbora erraz joateko aukera eman baitzuen. Eskoriatza isolamendutik atera zen komunikazio sareko geldiune izateko.

Garraio sistema hobetzearen ondorioz, bidaiari eta merkantzien fluxua suspertu zen, eta eskoriatzarrek aukera berriak eskura izan zituzten.

Erakusketa XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen erdialdea bitartean kokatzen da. Hau da, ferrokarrila Eskoriatzara ekartzeko lanak hasi zirenetik trena desagertu zenera arte. Urte horietan zehar trenaren inguruan izan ziren gertaera garrantzitsuenen berri ematen da, egunkarietan argitaratutako berri eta argazkien bidez.

Aipatatutako informazioarekin batera hainbat eskoriatzarren testigantzei buruzko proiekzio txikiak ere egongo dira tarteka.

Amaitzeko garai hartako treneko langileen uniformeak eta tren geltokietan erabiltzen ziren hainbat bitxikeria ikusi ahal izango dira erakusketan.

Egutegia

Urriaren 4an irekiko da arratsaldeko 18:30ean, eta azaroaren 4a bitartean egongo da erakusketa ikusgai.

Ordutegia

  • Urriaren 4tik urriaren 14ra 12:00etatik 14:00era eta 17:00etatik 19:00etara.
  • Urriaren 17tik azaroaren 4ra 12:00etatik 14:00era. Arratsaldetan eta asteburuan itxita.

Hitzaldia

Urriaren 19an, 18:30ean Javier Susok Vasco-Navarrori buruzko hitzaldia egingo Ibarraundi museoan.
Tenaren-inagugurazioa-e1475233323166

Argazkia 1915. urtekoa da, trena 1916an martxan jarri arren, inaugurazioa orduan egin zelako.