ADIERAZPEN INSTITUZIONALA Saharari buruzkoa

2016 / 11 / 23

Joan den urriaren 9an, Marokoko gobernuak, okupatuta duen Mendebaldeko Saharako eremuan sartzeko aukera ukatu zion giza eskubideen behatzaileen euskal ordezkaritzari. Ordezkaritza horrek ASVDH saharar biktimen gonbidapena zuen,  biktimentzako lehen jardunaldian bi txosten aurkezteko: giza eskubideen urraketari buruzkoa bata eta Francisco Etxeberria jaunarekin batera Aranzadi elkarteak aurkitutako bi hobi komunetan agertutako 8 hilotzei buruzkoa bestea.

Ikerketa-lana Saharako biktimekin eta erakundeekin partekartzeko ukapen hori dela eta, Eskoriatzako Udalak 2016ko azaroaren 22an egindako ohiko plenoan aho batez erabaki du honako Adierazpena Instituzionala onartzea eta honako hau adieraztea:

  1. Aurka egiten diogu giza eskubideen behatzaile eta ikertzaile ezagunek osatutako talde horri sarbidea ukatzeari. Sarbidea ukatzeak agerian uzten du ez dagoela biktimen eskubideak aitortzeko interesik eta zein zaila den haien lana bultzatu dezaketen pertsona eta erakundeekin harremanetan egotea. Ukapen hori, zuzenbidearen aurkakoa izateaz gainera, Saharako egoera hobetzeko beste oztopo bat da, kontuan hartuta zein den helburua: hain zuzen, giza eskubideen errespetua izan dadila gatazkaren irtenbide politikorako oinarria. Egin beharreko jardueran, besteak beste, kontu hauek aztertu nahi ziren: desagerrarazitako biktimen egoera eta pertsona guztiak desagerrarazpenen aurka babesteko Nazioarteko Hitzarmenaren 24. artikuluko 7. paragrafoa. Marokok sinatutako hitzarmen horretan honako hau adierazten da: “bermatu egingo zaie eskubidea dutela desagerrarazpenen inguruabarrak eta desagerrarazitakoen egoera ezartzen laguntzeko eta desagerrarazitako biktimei laguntzeko erakunde eta elkarteak askatasunez eratzeko eta horietan libreki parte hartzeko”.
  2. Berriro ere adierazten dugu saharar herriarekiko elkartasuna, nazioarteko zuzenbideak eta Nazio Batuen hainbat eta hainbat ebazpenek babestutako aldarrikapenei dagokienez. Zehazki, egunero bitarteko baketsuen bidez egoera horren aurka borrokatzen diren saharar emakume aktibistekiko hurbiltasuna adierazi nahi dugu. Hain justu, haien egoera aztertu nahi zuen aipatutako behatzaile taldeak.
  3. Eskerrak eman nahi dizkiegu behatzaile taldeari eta taldeak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen alde egiten duen lan eskuzabala babesten duten gizarte-erakundeei, zeregin hori justiziaren eta giza duintasunarekiko errespetuaren adierazpen gailena den aldetik.
  4. Horrenbestez, Marokoko Gobernuaren aurrean egin beharreko ekintza guztiei heltzeko eskatzen diegu Espainiako Gobernuari eta nazioarteko erakundeei, giza eskubideen eta lankidetzaren alorrean lan egiten duten erakunde nahiz elkarteek askatasunez bisitatu ahal izateko Mendebaldeko Sahara. Hori edozein herrialderen gutxieneko baldintza da; inor ezin da egon zuzenbidearen gainetik.
  5. Berresten dugu Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko proiektuarekin dugun konpromisoa. Hegoak –Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak– eta Aranzadi Zientzia Elkarteak garatua, proiektuari esker aurrerabide garrantzitsua egin da egia ezagutzeari, justizia sustatzeari eta biktimei ordaina emateari dagokienez.