Arimen gaua urriaren 31n

2018 / 10 / 22

Xanduli, manduli, kikirrikiii!!!… Eman goxokiak gurii!!!!

Ahotsak ataritik jasotakoaren arabera, Arimen gau, 1950. hamarkadara arte, gutxienez Euskal Herriko herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen. Horren froga gisa, Orion, Bermeon, Urnietan, Oñatin eta beste hainbat txokotan jasotako testigantzak daude.

Gaur egungo Halloween komertzialagotik desberdin samar, noski, baina funtsean jai berbera zen: gazte koadrilak elkartu, kalabazak (edo arbiak) hustu, kandelak sartu barruan, kalerik kale ibili beste batzuk beldurtuz aritzen ziren… eta guztia ere heriotzarekin estuki lotutako giroan (arimak, fantasmak, hildakoak…).

Eskoriatzan, azken urteetan bezalaxe, aurten ere, Eskoriatzako Udalak, Gaztelekuak, Tortolis ludotekak eta hainbat gurasok eta herritarrek prestatu dute Arimen gaua ospatzeko jaia urriaren 31an.

Ekintza berriekin osatu da egitaraua. Hona hemen:

  • 18:30 Arimen ibibidea hasiko da plazatik. Tortolis ludotekako ludotekariek eta txirikilakoek gidatuta, Bidebarrietan zehar ibilbide bat egingo dute haurrek. Bertan, herritar batzuk ipuin eta pasadizoak kontatzen arituko dira. Sorpresa eta ezustekoz betetako ibilbidea izango da. 7urte eta 12 urte bitarteko haurrei egongo da zuzenduta ibilbidea.
  • 20:00etan Akelarrea plazan. Herriko dantzarien eta txistularien txanda izango da. Haurrek eta helduek elkarrekin egingo dute dantza pertsonai beldurgarri batzuez lagunduta eta adin guztiei zuzendutako emanaldia egingo dute. Dantza saioa amaitu ostean Sorgin edabea banatuko da plazan. Edabea nahi dutenentzat edalontzia ekartzeko deia luzatzen diegu.
  • Gaztelekuan, plazako ikuskizuna amaitu ostean, Arimen gaua festak jarraipena izango du eta 12 urtetik gorakoei zuzendutako beldurrezko laburmetraia emanaldia egongo da.

Eguraldi txarra egiten badu, ibilbidea plazan hasi eta aldatuko da eta plazako ikuskizuna frontoian izango da.