Atama borroka arteen taldeko bi kide Kenpoko Munduko Txapelketan

2017 / 04 / 27

Ariane Piñero eta Joseba Izurrategi, Eskoriatzako Atama borroka arteen taldeko kideak, Portugalen jokatzen ari den Kenpoko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioarekin arituko diren euskaldun bakarrak.

Ariane Piñerok 24 urte ditu eta Semi Kenpo kategorian lehiatuko da, 55 kilotik beherako kategorian; eta Josebak, Semi Kenpon, 95 kilotik beherako kategorian, eta Full Kenpon.

Kirolari biekin batera beraien maisu eta borroka arteetako taldeko arduradun Rafa Carriet joango da bi kenpolarien coach bezala, borroketan animatu eta aholkatzeko.

Piñerok Euskadiko eta Espainiako 2014ko eta 2015eko txapelketetan parte hartu du, eta mundukoan, 2015ean, eta hainbat domina lortu ditu. 2015ean 8 garaikur lortu zituen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa bateratuan. Gaur egun Espainiako txapelduna da puntuko borrokan eta erdi-kontaktuan, Guadalajaran lortutako tituluak apirilaren 1ean. Turkian jokatutako munduko txapelketan, berriz, hiru domina lortu zituen.

Joseba Izurrategi oso gazte hasi zen borroka arteak praktikatzen, hain zuzen ere, karatea 14 urterekin; baina, 2013ko amaieran Eskoriatzako borroka arteetako taldean sartu zen Kenpo modalitatean. Orain, 28 urterekin, hainbat garaipen lortuta ditu bere ibilbidean: Euskadiko txapelduna 2014an eta 2015ean; Espainiako txapelduna 2014an eta 2015ean, bietan ere kata eta borrokan; 2016an ez zuen ezer irabazi, lesionatuta egon baitzen; aurten, pasa den apirilaren 1ean, berriz ere Espainiako txapeldun izan da borrokan; 2015ean Europako txapeldunorde izan zen Nippon Kenpon eta txapelduna modalitate horretan taldeka; azkenik, 2015ean, Turkian, munduko txapeldunorde izan zen borroka eta defentsa pertsonalean, eta hirugarrena katetan.