Berrikuntzak inauterien aurrerapen bezala

2020 / 01 / 08

Aurtengo inauteriei begira hainbat jarduera prestatu dira bai ideiak jasotzeko balioko dutelakoan bai eskoriatzarrei inauterietako mozorroak egiteko laguntza emateko, eta horrela, mozorroak egiteko ideiekin eta laguntzarekin, jendea inauterietan parte hartzera animatu dadin.

Azoka txikia

Aurreko urteetako mozorroak dituztenek, batez ere etxean egindakoak, edo mozorrotzeko erabili daitezkeen arropak, zapiak, osagarriak edo bestelako tresnak dituztenek, honako lekuetan eta ordutegietan utzi ahal izango dituzte:

  • Egunak: urtarrilaren 20tik 24ra
  • Kultur etxean, 9:00-17:00
  • Bibliotekan, 17:00-20:00

Ekarritako gauzak dohaintza izango dira, hau da, ez da ezer jasoko trukean.

Jasotako materiala kultur etxeko areto batean jarriko da salgai, prezio sinbolikoan, urtarrilaren 30ean eta 31n, osteguna eta ostirala,  17:00etatik 19:00etara. 

Batutako diruarekin pinturak, pintzelak, lakak… erosiko dira eta inauterietako larunbatean (otsailak 22) areto bat egokituko da nahi duenak makillatzeko erabili dezan. Gainera, bi pertsona egongo dira behar duenari makillatzen laguntzeko.

  • Ordutegia: 10:00-12:00

Gainera, liburutegian, etxean egindako mozorroen argazkiak  jarriko dira ikusgai, etxean dugun materialekin mozorroak modu errazean egiten laguntzeko eta inauterietarako ideiak hartzeko,

Ekimen honekin gauzak berrerabiltzea bultzatu nahi da, eta eskoriatzar guztiak inauterietan mozorrotzera animatzea.

Mozorroak egiteko lokala

Otsailaren 3tik 9ra bitarteko astean, eskoriatzarren esku jarriko da kultur etxeko areto bat, mahaiekin, jendea elkartu eta mozorroak egiteko.

Joskintza ikastaro-tailerra: inauterietako mozorroak

Gainera, mozorroak egiteko joskintza tailer bat antolatu dugu, norberak norbere mozorroa josten ikas dezan. Tailerra bi egunekoa izango da, eta bertan jostun batek bere laguntza eskainiko du patroiak egiteko eta joskintzako aholkuak ere emango dizkigu. Tailerrean parte hartzeko beharrezko da aldez aurretik izena ematea.

  • Egunak: otsailak 2 eta 9, igandea
  • Ordutegia: 10:00 – 13:00
  • Lekua: Kultur etxea
  • Prezioa: 8 euro
  • Plaza mugatuak
  • Izen ematea: Kultur etxean (943 71 46 88)