Berritasunak aurtengo haur danborradan

2017ko maiatzak 04

LH2-ko eta DBH-ko, hau da, 10 urtetik 14 urte bitarteko, ume gehiagok parte hartzeko helburuarekin, haur danborradako antolatzaileek aldaketak eta berritasunak egin dituzte aurtengorako, parte hartzaileen gustukoak izango direlakoan.

Aurten bultzatuko da taldeek, adibidez, saskibaloikoak, pilotakoak, futbolekoak… batailoi propioak egitea eta danborradan beraiek aukeratutako kamisetarekin jotzea. Lagun taldeka edo ikasgelaka ere parte hartu ahal izango dute, eta bakoitzak bere batailoirako aukeratutako izena jarri kamisetan.

Ez da beharrezkoa izango entsegu guztietara joatea, txikienak ez bezala, eta danborrada egunean behar bezala jotzeko bakoitzak behar dituen entsegutara bakarrik joan beharko du.

Danborrada amaitutakoan, adin horretakoek ez dute jasoko ogitartekorako txartelik orain arte bezala, eta horren ordez, antolatzaileek autotxokeetarako eta tortillarako fitxak banatuko dituzte.

Danborradan parte hartu gura dutenek lehen entsegura joan daitezke, ekainaren 5ean, astelehena, 18:00etan, udal pilotalekuan egingo dena, eta bertan izena hartuko diete eta aurtengo funtzionamendua azaldu.