Dena prest inauterietarako

2016 / 01 / 25

Iristear daude inauteriak Eskoriatzara, eta dagoeneko prest dago kultur egitaraua.

urdelarderoUrdelardero egunarekin hasiko dira Eskoriatzan inauteriak otsailaren 4an, ostegunean. Lehenagoko ohitura zen umeek etxez etxe abesten joatea eta emandako janariak zirian sartzea (txorizoa, pikupasak, urdaia eta abar). Gaur egun, berriz, umeak baserritarrez jantzita ateratzen dira kantura ziria eskuan dutela, baina, orain, gozokiak botatzen zaizkie leihoetatik.
Arratsaldeko 17:00etan, “Korri ta Salto ” pailazoak Zaldibar antzokian egongo dira. Sarrerak doan dira, eta aldez aurretik kiroldegian jaso daitezke. Aforoa dela eta, umeak bakarrik joatea eskatzen da, eta lagunduta joanez gero, heldu bakar batekin.
Pailazoen ostean, 18:15ak aldera, txokolate goxoa bizkotxoekin jateko aukera izango da plazan. Ez ahaztu bakoitzak bere edalontzia eraman behar duela.

Larunbata
Larunbatean, otsailaren 6an, 13:30ean, mozorro desfile/lehiaketa izango da. Parte hartu nahi duten taldeek 13:00etatik aurrera eman beharko dute izena Huheziko aparkalekuan edo, aldez aurretik, kultur etxean. Bertan zenbaki bat emango zaie desfilean noren atzetik atera jakiteko. Hasieran nagusien koadrilak joango dira eta gero, 16 urtetik beherakoak.
Desfilea 13:30ean hasiko da, eta Huhezitik irten eta Luis Ezeiza herri eskolako jolastokiraino joango da. Erakustaldia edo dantzaldia egingo duten taldeak plaza parean gelditu ahalko dira, gehienez ere, 4 edo 5 minutuko saio bat eskaintzeko.
Desfilea amaitu ondoren epaimahaiak erabakiko du nortzuk diren irabazleak, eta plazan jakinaraziko dute arratsaldeko 19:00etan.

azalaBazkari herrikoia
Bazkari herrikoia frontoian egingo da, 14:30ean. Bazkarira joateko txartelak dagoeneko salgai daude Inkernu eta Goxotxiki tabernetan, eta otsailaren 2ra arte egongo da horiek erosteko aukera. Gauzak ondo antolatze aldera, bazkaltzeko lekua gordetzea komeni da. Lekua telefonoz (943 71 46 88), emailez (kultura@eskoriatza.eus) edo whatsApp bidez (650.49.51.66) hartu daiteke.
Menu bakarra egongo da denontzako: makarroiak bolognesa erara, oiasko paparrak saltsan eta txokolatezko tarta. Gaztetxoek (14 urtetik beherakoek) 10 euro ordainduko dute, eta 14 urtetik gorakoek, berriz, 15 euro.

Zezentxoak, poneyak eta dantza

Arratsaldeko 16:00etan zezentxoak eta txikienentzako poneyak egongo dira Gorosarri plazan, 17:30ak ingurura arte. Ordu horretan, dantzaldia hasiko da plazan Egan taldearekin.

Sari banaketa

Epaimahaiak 19:00etan jakinaraziko du nortzuk irabazi duten mozorro lehiaketa, eta honako sari hauek banatuko ditu:

     16 urtetik gorakoak

  • 300 euroko bi sari.
  • 200 euroko bi sari.
  • 100 euroko sari bat.
  • Epaimahaiak, egoki iritziz gero, ahalmena izango du 100 euroko sari berezi bat emateko koadrila bati, familia bati edo pertsona bakar bati.

       16 urtetik beherakoak

  • Afaritxo baterako (ogitartekoa eta edaria) 3 sari (pertsona bakoitzeko 6 €, guztira gehienez ere 100 €).

Inauteri asteartea

Otsailaren 9an, asteartean, umeen jaialdia hasiko da 10:30ean, eta bertan, Arizmendiko eta Luis Ezeizako ikasleek hartuko dute parte, azken asteetan prestatzen ari diren abesti eta dantzak eskaintzeko.
Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo da: ikasleak kantxan egongo dira, eta familiakoak eta ikusleak, harmailetan.
Ondoren, parte hartzaileentzat txistorra izango da pilotalekuan bertan.

KukumarroakIMG-20160112-WA0001
Eskoriatzan aparteko protagonistak ditugu asteartean: kukumarroak, kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera arratsaldeko 17:00etan.
Kukumarroak basoko izakiak ziren, negu amaieran herrira etortzen zirenak jendea zirikatu eta beldurtzera. Umeek burla egiten zieten “kukumarro txori malo” esanez. Asteartean berriz ere gogora ekarriko ditugu izaki horiek, eta horrela, Eskoriatzako kaleetan ibiliko dira loredun amantalarekin gerrian, aurrean dugun udaberria sinbolizatu gura duena, eta bildots larruarekin bizkarrean, atzean uztean ari garen negu gorria sinbolizatzen duena, eta, nola ez, animali puxika eskuan umeak beldurtzeko.

Josu Rodriguez eta Tirapu Dj-ak (Gu ta gutarrak ).
Ondoren, 18:00etan, hotzari aurre egiteko paregabeko Dj-ak izango ditugu Eskoriatzako plazan: Josu Rodriguez eta Tirapu, Gu ta gutarrak programakoak, jendea dantzan jarriko dutenak 20:00ak arte, denon gustuko musika jarriz.