Drogen kontsumoa prebenitzeko ekintzen liburua kalean da

2020ko urtarrilak 21

Egin dezagun jauzi handi bat liburua aurkeztu da

Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek UDA kirol taldearekin batera egindakoa.

 

UDA kirol taldeak hainbat kategoriatako jokalarien artean sustantzia adiktiboen kontsumoa sumatzen zuenez, horri aurre egiteko abian jarri zuen programaren mugarri nagusiak jasotzen ditu liburu horrek.

UD@A izenarekin ezagutzen dugun proiektua Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoak eta UDA Kirol elkarteak elkarlanean sortutakoa da. Ondoren, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Udalak lotu zitzaizkion egitasmoari, eta horrela, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek (12 eta 16 urte bitarteko 492 neska-mutil) erantzundako inkestei esker, besteak beste, drogen kontsumoa aztertu ahal izan da.

Azterketa horren ondorioek eta azken bi urteetan sustatu diren ekimenek Egin dezagun jauzi handi bat liburuari edukia eman diote.

Banaketa 500 familiatan

Liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaren editatu da, eta guztira 1.100 ale atera dira euskaraz eta gazteleraz. Ale horiek Arizmendi ikastolako Almen guneko eta Kurtzebarri ikastetxeko 500 bat familietan banatuko dira aste honetatik aurrera. Bigarren Hezkuntza ziklo guztietako eta Batxilergoko lehenego mailako ikasleen artean egingo da banaketa. Gainera, UDAko kirolariek ere jasoko dute eta elkartearen webgunean nahiz udaletako webguneetan ere eskuratu ahal izango da.

Hemen Eskoriatzako webguneko esteka.

Liburuaren edukia

Drogen kontsumoa prebenitzeko programak hasieratik bilatu du gazteak,  haien familiak eta profesionalak inplikatzea, baita eskualdeko eragile sozial, kultural eta ekonomikoak inplikatzea ere. Hala, inkestekin batera, drogen ondorioz buruko gaixotasunak dituzten pertsonen esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute nerabeek.

Kaleratu berri den liburuak, azken 2 urteotan proiektuan gauzatutako ekintzak jasotzen ditu, eta besteak beste komunitatean eragiteko antolatu diren jarduerak azaltzen ditu: “Inklusioa, esnatu, mugatu, ausartu eta erabaki” kirol jardunaldiak; nahasmendu mentala duten 12 paziente eta beste horrenbeste ikasleren arteko elkarbizitzarako egitasmoa Respaldizan; gurasoek erantzundako inkestak; eta Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunean egindako jarduerak.

Beraz, orain arte proiektuak eman dituen fruituak dira Egin dezagun jauzi handi bat liburuaren oinarria. Lan honekin nerabezaroan drogen kontsumoa geldiarazteko programaren lehen fasea ixten da.