Elkartasun sare boluntarioa sortzeko deia

2020 / 03 / 18

Eskoriatzako Udalak eta Debagoieneko Gurutze Gorriak protokolo bat adostu dute COVID-19 birusa dela-eta etxean konfinatuta edo koarentenan eta zaurgarritasun egoeran dauden eskoriatzarrei laguntzeko.

Birusaren aurrean hartu diren salbuespeneko neurriek zailtasun bereziak eragiten dizkiete kolektibo zaurgarrienetako pertsonei (adinekoei edota mugikortasun arazoak dituztenei adibidez) eta are gehiago, harreman sare zuzenik ez duten kasuetan (familia, lagunak, bizilagunak…).

Egoera horretan dauden herritarrei irtenbide herrikoi eta komunitario bat eskaintzeko asmoz, elkartasun sare boluntarioa sortzeko deia egiten dute Eskoriatzako Udalak eta Gurutze Gorriak.

Boluntario sareak ondorengo laguntza ESKAINIKO du:

  • Oinarrizko erosketak egitea: elikagaiak, oinarrizko higiene eta garbiketa produktuak.
  • Zaborra ateratzea.
  • Medikuak agindutako sendagaiak erostea.

Laguntza JASOTZEKO jarraitu beharreko pausoak:

  1. Beharra duten eskoriatzarrek Eskoriatzako Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu beharko dute eta beharrezkoak diren datuak eman.
    • Telefonoa: 943 71 31 36
    • Ordutegia: 9:00-13:00, astelehenetik ostiralera.
    •  Jai egunetan ez da zerbitzurik izango, zubia barne.
    • Horrez gain, beste telefono hauetara ere deitu daiteke:
      • Gurutze Gorria: 945 22 22 22       Caritas: 688 662 773
  2. Udaleko gizarte teknikariek kasua aztertu eta zerbitzuaren beharrik badagoen baloratuko dute. Baiezko kasuetan, onuradunaren datuak Debagoieneko Gurutze Gorrira bideratuko dituzte, eta baita behar duen laguntza mota ere.
  3. Debagoieneko Gurutze Gorria zerbitzuaren onuradunarekin harremanetan jarriko da, eta boluntarioa bere etxera noiz gerturatuko den adieraziko dio.
  4. Gurutze Gorriko boluntarioa onuradunaren etxera joango da eta erosketa eta medikamentu zerrenda jasoko du, baita horiek ordaintzeko dirua eta osasun txartela ere beharrezkoa balitz. Erosketak egin ondoren, onuradunaren etxera eramango ditu.

Bestelako argibideak:

a) Une oro bermatuko da boluntarioaren eta zerbitzuaren onuradunaren arteko kontaktu zuzenik ez egotea. Horrez gain, birusa ez kutsatzeko jarraitu beharreko higiene jarraibideak azalduko zaizkie bai pertsona boluntarioari bai onuradunari.

b) Soilik beharrezkoak diren elikagaiak eta higiene artikuluak erosiko dira.

c) Eskoriatzako boluntario sareko kide izateko, idatzi helbide honetara gizarte@eskoriatza.eus eta datu hauek eman: izen-abizenak, telefono zenbakia, nortasun agiriaren zenbakia, disponibilitatea eta bizitokia.
Beste aukera bat da datuak Gurutze Gorriaren webgune honetan sartzea : www2.cruzroja.es/alta-voluntario-web

d) Boluntario sarea Debagoieneko Gurutze Gorriaren bitartez kudeatuko da, eta beharren arabera eskatuko zaie boluntarioei euren laguntza.