Emakumeen Bira Eskoriatzan
2016 / 03 / 09XXIX. Emakumeen Euskal Birak bere lehenengo etapa Eskoriatzan egingo du apirilaren 14an. Egun horretatik aurrera munduko emakume txirrindulari ezagunenak bost egunez lehiatuko dira euskal errepideetan zehar.
Emakumeen Euskal Bira espainiar estatuan dagoen emakumezkoen arteko probarik zaharrena da, nazioarteko karrera izaera duena, eta bertan lehiatuko dira emakume txirrindulari onenak, besteak beste:
- Lizzie Armitstead britainiarra, 2015eko Munduko Txapelduna.
- Evelyn Stevens, estatubatuarra, Munduko Orduko Errekorra 2016.
- Anna Sanchís 2015eko Espainiako Txapelduna erlojupean eta bidean.
- Ane Santesteban errenteriarra, 2015ean Espainiako txapelketan bigarrena.
- Tiffany Cronwell Australiako selekzioakoa, 2016an Australiako Txapelketan erlojuz kontrakoan hirugarrena.
- Sheyla Gutiérrez Logroñoko errioxarra, 2015ean Espainiako erlojuz kontrakoan bigarrena.
- Ashleigh Moolmon Afrikako Txapelduna eta 2015eko Emakumeen Biran bigarrena.
- Emma Johansson Suediako Txapelduna eta 2015eko Emakumeen Biran hirugarrena.
- Sharon Laws britainiarra, 2012an erlojupekoan Britainia Handiko Txapelduna.
Eskoriatzako etapa
Eskoriatzan gauzatuko den etapak 76,6 kilometro izango ditu, ibilbide orokorra Eskoriatza eta Oñati bitartekoa izango da, eta irteera neutralizatua 15:30ean izango da herriko plazan. Ondoren, 5 bider pasako da herrigunetik eta 17:30 inguruan iritsiko dira herriko plaza parean egongo den helmugara. Guztira 200 bat txirrindularik parte-hartuko du lasterketan.
Antolaketa lanetan dihardu Udalak herriko txirrinduzale eta elkarteekin, eta bertan laguntzeko borondatea duen edonork izena eman ahal izango du honako helbidean: emakumeenbira@eskoriatza.eus