EUSKARALDIAri ilusioz heltzeko deia

2018 / 02 / 05

Hilabetez Bilbon euskara hutsean bizitzeko erronka publikoa egin zuen 2015. urtean Lutxo Egiak, eta esperientzia haren bidez hizkuntza ohiturak aldatu daitezkeela ikusi zen. Ondoren, hainbat tokitako euskaltzalek antzeko ariketa gauzatu zuten euren herrietan (Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Aiaraldean…)

Hortik abiatuta, Euskal Herri osora zabaldu da ekimena “Euskaraldia – 11 egun euskaraz” izenarekin, eta Eskoriatzan ere martxan jartzeko dei zabala egin nahi dugu.

Zer da Euskaraldia?

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 13ra arte Euskal Herri osoan gauzatuko den ekimena da. Euskaraz jakin edo ulertzen duten pertsonak aktibatuta, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa da, eguneroko bizitzan gaztelaniara jotzeko dauzkagun inertziak apurtu nahi dituena. Saiakera pertsonala eta kolektiboa izango da, herritarrek eta instituzioek batera landuko duguna. Eskoriatzan ere euskara ahotan bizi-bizi jarri nahi dugu eta belarriak entzuteko prest jarri nahi ditugu.

Herriko elkarteen atxikimendua

Herritarrek eta instituzioek batera landuko dugun ekimena izanik, Eskoriatzako Udalak herriko hainbat eragileri egitasmoaren berri eman zien. Informazioa jasota, eta ekimenarekin bat eginda, orain, hainbat elkartetako ordezkariek dei egiten diete herritarrei ekimena bultzatu eta antolatzen diren ekintzetan parte har dezaten.

Hitzaldirako deia

Ekimena ondo antolatzeko eta ilusioz heltzeko helburuarekin, lehenengo ekintza Kike Amonarrizek emango duen hitzaldia izango da. “Eskoriatza euskalduna nahi duzu? Egingo dugu?” izenburua izango du eta otsailaren 16an izango da, Zaldibar antzokian, arratsaldeko 19:00etan.