Gari & Maldanbera kontzerturako sarrerak salgai.

2019 / 12 / 03

Eskoriatzako Zaldibar antzokian Gari & Maldanbera taldearen kontzertua izango dugu datorren asteko larunbatean, abenduak 14. Hitzordua 20:00etan izango da eta, aforoa mugatua denez, sarrerak aldez aurretik kiroldegian erostea gomendatzen da (4 euro).

Hainbat urtez bikote formatuaren mugak arakatu ondoren, Garik esperientzia berri bat hasi zuen Maldanberarekin, formazio klasikoa duen taldearekin: bateria, baxua eta gitarra. Horrek, bide ematen dio bere abestien rock muina berreskuratzeko eta melodia berriak errazago sortzeko. Hainbeste urteetako ibilbideak emandako esperientziak indar handiagoz aurrera egiteko balio dio, une bakoitzaz gozatuz.

Garik (Iñaki Igon Garitaonandia -Legazpi, 1963), Hertzainak talde historikoko abeslariak, euskal musikan ibilbide luzeko sortzaileak eta memoria kolektiboan bizirik dirauten abestien egileak, “Beste denbora batean” diskoa aurkeztuko digu.

38 urte baino gehiago eszenatokietan eta musikari lotuta bizi oso bat eman ondoren, Gari bezalako artista iraunkorrak beren kantuen gainetik daude, beren diskoetatik gaindi; eta, batez ere, beren jarrera eta estiloagatik dira erakargarriak.

Kontzertua ekitaldi berezi bat izango da, bere bizi-esperientziatik konposatu eta moldatutako abestien sentsualitateaz gozatzeko unea, kontzertuan zehar bidea eraikitzen joango diren abestiak publikoarekin zubi intimo eta sendo bat sortuz.