Gaur hasten dira Eskoriatzako inauteriak

2015ko otsailak 12

Urdelardero eta Inauteriak 2014 Inauteriak (9)Eskoriatzan, gaur osteguna, hasi ditugu inauteriak Urdelarderorekin. Lehenagoko ohitura zen umeek etxez etxe abesten joatea eta emandako janariak zirian sartzea (txorizoa, pikupasak, urdaia eta abar).

Gaur egun, berriz, umeak baserritarrez jantzita ateratzen dira kalera kantura ziria eskuan dutela, baina, orain gozokiak botatzen zaizkie leihoetatik.

Oraindik ere antzinako kantua abesten jarraitzen dute:

Urdei lardero

Urdeixa janda

Bazkaixa gero

Hor goixen itturri bat

Haren gainean txori bat

Ura pil-pil etorri da

Etxekoandre zabala

Etxe oneko alaba!!”

Abestiak urdaia aipatzen du, duen gatza, zer ona den horrek emandako egarria kentzeko iturritik bor-bor ateratzen den ura, eta amaieran, baserriko etxekoandrearen esku zabaltasuna goraipatzen du.

Arratsaldeko 17:00etan, “Tomaxen abenturak” pailazoek “Txipli txapla” beraien azken lana aurkeztuko digute Manuel Muñoz kiroldegian. Eta egunari amaiera emateko, 18:00etan txokolate goxoa bizkotxoekin jateko aukera izango da plazan.

Larunbata

Larunbatean, 13:00etan, mozorro desfile/lehiaketa izango da. Parte hartu nahi duten taldeek 12:30etan eman beharko dute izena Huheziko aparkalekuan. Bertan zenbaki bat emango zaie desfilean noren atzetik atera jakiteko. Hasieran nagusien koadrilak joango dira, gero 16 urtetik beherakoak, eta azkenik, norbanakoak.

Desfilean parte hartu gura duten guztiek Huhezin egon beharko dute 12:50ean. Desfilea 13:00etan hasiko da, eta Huhezitik irten eta Luis Ezeiza herri eskolako jolastokiraino joango da. Erakustaldia edo dantzaldia egingo duten taldeek plaza parean gelditu ahalko dira, eta 4 edo 5 minutu baino gehiagoko saiorik ez egitea eskatzen zaie.


Desfilea amaitu ondoren epaimahaiak erabakiko du nortzuk diren irabazleak, eta plazan jakinaraziko dute arratsaldeko 19:00etan.

2014 Inauteriak (6)Bazkari herrikoia

Bazkari herrikoia frontoian egingo da, 14:30ean. Atzo, asteazkena, izan zen bazkarirako tiketak erosteko azken eguna, eta guztira ia 300  tiket saldu dira. Gauzak ondo antolatze aldera, bazkaltzeko lekua gordetzea komeni da. Lekua telefonoz (943 71 46 88) edo emailez (kultura@eskoriatza.eus) hartu daiteke.

Zezentxoak, poneyak eta dantza

Arratsaldeko 16:00etan zezentxoak eta txikienentzako poneyak egongo dira Gorosarri plazan 18:00ak ingurura arte. Ordu horretan, dantzaldia hasiko da plazan Egan taldearekin.

Epaimahaiak baloratuko duena

Epaimahaiak 19:00etan jakinaraziko du nortzuk irabazi duten mozorro lehiaketa. Irabazleak aukeratzeko honako hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

Erakutsitako umorea.

Sortutako giroa.

Originaltasuna.

Jantziak.

Eszenografia.

Material birziklagarriak erabili izan mozorroak egiteko.

Sariak

16 urtetik gorakoak:

  • 300 axtrokiko bi sari.
  • 200 axtrokiko bi sari.
  • 100 axtrokiko sari bat.
  • 100 axtrokiko sari berezi bat.

16 urtetik beherakoak:

Taldekide guztiek merienda egiteko 3 sari (6 axtroki pertsonako, gehienez ere 100 axtrokira arte).

Inauteri asteartea

Jaialdia 10:30etan hasiko da, eta bertan Arizmendiko eta Luis Ezeizako ikasleek hartuko dute parte, azken asteetan prestatzen ari diren abesti eta dantzak eskainiz.

Aurten Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo da: ikasleak kantxan egongo dira, eta familiakoak eta ikusleak harmailetan.

Ondoren, parte hartzaileentzat txistorra izango da pilotalekuan bertan.

Kukumarroak

Eskoriatzan aparteko protagonistak ditugu asteartean: kukumarroak, kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera arratsaldeko 17:00etan.

Kukumarroak basoko izakiak ziren, negu amaieran herrira etortzen zirenak jendea zirikatu eta beldurtzera. Umeek burla egiten zieten “kukumarro txori malo” esanez. Asteartean berriz ere gogora ekarriko ditugu izaki horiek, eta horrela, Eskoriatzako kaleetan ibiliko dira loredun amantalarekin gerrian, aurrean dugun udaberria sinbolizatu gura duena, eta bildots larruarekin bizkarrean, atzean uztean ari garen negu gorria sinbolizatzen duena, eta, nola ez, eskuan animali puxika umeak beldurtzeko.

Ondoren, 18:00etan, hotzari aurre egiteko Dj Jon Urbietak dantzan jarriko gaitu jende guztiarentzako musika jarriz 20:00ak arte.