Hondakinen bilketarako helburuak adostu dira Eskoriatzan

2013ko uztailak 10

Bilduk, Ezker Anitza-IUk, PSE-EEk eta “Eskoriatza zero zabor” plataformak akordioa lortu dute hondakinak biltzeko egungo sistema hobetzeko eta horretarako bilketak izan beharreko helburuak adostu dituzte. Hona hemen hartutako akordioa.

Azken aldian asko izan dira Eskoriatzan ere hondakinen arazoari buruz jardun direnak, herrian ordezkatuta dauden alderdi politikoek nahiz herri plataformek, bakoitzak bere ikuspuntua azaleratu dute. Arazoari irtenbidea hondakinak murriztu, berrerabili eta gaika biltzetik etorriko da. Puntu honetan, garrantzitsuena da, gaika, zenbat hondakin jasotzen dugun, ez nola jasotzen dugun. Asteotan egindako zenbait bileraren ondorioz, akordio zabala lortu dute gehienen artean helburuei dagokienean.

Etorkizunean bilketa sistema adosteko, lehen pausua da honakoa eta garrantzitsuena gainera.

Akordioak bost puntu nagusi batzen ditu:

  •     %70eko gaikako bilketa maila lortzea ziurtatuko duen sistema ezarriko da Eskoriatzan
  •     Bilketa sistema berrian materia organikoa bereizita jasoko da
  •     Gaur egungo kontenedore berdea ez da 24 orduz eskuragarri egongo
  •     Sistema berria ezarri baino lehen informazio zabala emango da
  •     Sistema berria aldiro ikuskatuko da eta beharrezkoa balitz hobekuntzak eta aldaketak egingo dira.

Akordioa 2013ko uztailaren 8koa da eta sinatzaileak honako hauek:

  •     Bildutik Beñat Herce
  •     Ezker Anitza-IUtik Juan Luis Merino
  •     PSE-EEtik Jose Luis Cantero
  •     “Eskoriatza Zero Zabor” plataformatik Ana Usandizaga.

Hala ere, gaiaz eztabaidatzeko bildu direnek Bildu, EAJ, Ezker Anitza-IU, PSE-EE, eta Zero zaborrek, Eskoriatza garbia, Atez aterik ez plataformak mahaitik altxatzeko hartutako erabakia deitoratzen dute eta gogorazten diote hondakinen arazoari adostutako irtenbidea emateko sortutako mahaiak lanean jarraituko duela eta bertara gonbidatuta daudela.

Hona hemen akordioa osotasunean irakurtzeko.

Akordioa