Iñaki Kerejeta zinegotzia hil da

2020 / 10 / 14

Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zinegotzia den Iñaki Kerejeta Gorostiza zendu da.

Azken 2 agintalditan egon da Eskoriatzako Udalean zinegotzi jardunean, bereziki elizateen aldeko langintzan baina orokorrean udalaren eta herriaren aldeko lanean. Hala, bi batzorde informatzailetako kide izan da: batetik Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumen batzordea, eta bestetik Pertsonal eta Ogasun batzorde informatzailea.

Eskoriatzako Zarimutz elizateko Palazio baserrian jaiotakoa zen Iñaki, ezkondua eta 2 semeren aita. 2015. urtean hartu zuen lehenengoz zinegotzi kargua Eskoriatzan eta landa ingurunea zaintzea eta babestea izan du eginbide nagusi, horretarako elizateetako auzo-alkateekin koordinazioan lan egin eta haien beharrak udalean behar bezala kudeatzeko ahaleginean. Udalean ez ezik, udalaz gaindiko zenbait erabaki-gunetan ere parte-hartzen zuen, hala nola Mankomunitatean edo Aizkorri-Aratz parke naturaleko patronatuan.

Udal honetako zinegotzi talde osoak eta langileek bere ekarpena eta dedikazioa eskertzen dute eta familiaren saminarekin bat egiten dute.