Irailaren 20an Iñaki Encina piano-jotzailearen eta Adriana Gonzalez sopranoaren kontzertua Eskoriatzan

2020 / 09 / 07

Martxoaren 24rako programatuta zegoen kontzertua, eta alarma egoeragatik bertan behera geratu zena, irailaren 20an, igandean, egingo da. Oraingoan, baina, bi saio egingo dira: bata, 17:30ean, eta, bestea, 20:00etan.

Martxoko kontzerturako sarrerak erosi eta itzuli ez dituztenek bihartik, irailaren 8tik, irailaren 14ra arte aldatu beharko dituzte kiroldegian, eta zer saioetara joan nahi duten aukeratu. Kontzertura joan nahi ez dutenek, dirua hartu dezakete.

Aforoa bete arte gelditzen diren sarrerak irailaren 15ean jarriko dira salgai.

Protokoloa

Gaurtik aurrera Eskoriatzako antzokira sartzen direnek osasun eta segurtasun neurriei buruz indarrean dagoen protokoloa bete beharko dute. Horien artean, sarreran bertan, txarteldegitik urrundu beharra dago, eta, horregatik, aldez aurreko salmenta sustatzen ari gara.

Zaldibar antzokiaren edukiera 56 pertsonara murriztu da. Butakak zenbakituta daude, eta nahiz eta distantzia soziala mantentzeko jarleku batetik bestera tartea egongo den, batzuk elkarren ondoan egongo dira bizikidetza unitateentzat.

Kontzertua

Iñaki Encina Oyonek gero eta onespen handiagoa dauka orkestra zuzendari gisa Frantziako eremu lirikoan. Musikenen Jorma Panula eta Enrique Garcia Asensio irakasleen eskutik ikasi ondoren, Pariseko Opera Nazionaleko Atelier Lyrique-an sartu zen 2005. urtean, korrepetidore edo zuzendari laguntzaile gisa hainbat produkziotan, Atelier Lyriqueren produkzioak zuzentzeaz gain.

Zuzendaritza bere jarduera nagusia bada ere, Iñaki Encinak ez du pianoa baztertu eta espainiar kantak, lied-ak eta frantziar kantak lantzen ditu, eta ganbara ziklo ospetsuetan parte hartzen du: Louvreko Auditorioan, Amphithéâtre Bastillen, Lilleko Operan, Bilboko Arriaga Antzokiko Gelatxoetan edo Madrilgo Zarzuela Antzokiko Ambigún.

2019ko Operaliako lehenengo saria eta zarzuelako interpretaziorik onenaren Pepita Embil saria lortu duen Guatemalako Adriana Gonzalez sopranoa bere belaunaldian etorkizun handienetarikoa duen abeslaria da, laudorio ugari jaso dituena bere ahotsaren lirismo eta musikalitate bikainarengatik.

1991n jaioa, Adriana Gonzalezek, 18 urte baino ez zituela, Hemeroteca Nacional de Guatemala-ko Artista Berriaren Saria jaso zuen.

Pariseko Opera National-eko Atelier Lyriquen sartu zen, eta 2017an Cercle Carpeaux-en lirika saria jaso zuen bere garapen nabarmenarengatik. Ondoren, Adriana Gonzalez Züricheko Opernhaus-eko International Opera Studioan sartu zen.

Bere ibilbide laburrean kantu lehiaketa garrantzitsuetan sariak lortu ditu mundu osoan zehar.