Kale arteak Vasco-Navarro trenbidea koloreztatuko du eta aztarna utzi Eskoriatzan

2019 / 10 / 24

Egun hauetan nazioarteko zazpi artistek Vasco-Navarro trenaren bidegorria bizikletaz egingo dute hainbat artelan eginez kalean.

Esperientzia artistiko ibiltaria da, bizikleta hartuta garraio bide bezala eta jarduera artistikoa ardatzat. Deialdi baten bidez, nazioarteko zazpi artistak bizikleta hartu eta, etapaz-etapa, Bergara eta Lizarraren arteko bidea egiten ari dira antzinako Vasco-Navarro trenaren ibilbideari -bidegorriari- jarraituz.

Ibilbidean zehar artelanak egingo dituzte hainbat disziplina erabaliz: muralismoa, stencilla edo pasteup oland artea.

Eskoriatzako Udala proiektu honen laguntzailea da, eta horri esker, gure herrian, zehazki, Olazar tunelean, geldituko dira bi artisten lanak: Jens Besser alemaniarrarena eta Tomas Facio argentinarrarena.

 

Lehenengo murala, tunelaren albo batean, amaituta dago, Jens Beserrek egina. Jens 1982an jaiotako muralista alemana da, Dresden graduatu zen 2008an, eta urtebete beranduago hasi zuen bere lan muralistikoa, beti mugimenduan bere bizikletarekin Amerikan, Europan eta Asian zehar.

Tomas Facio argentinarra arduratuko da, muralista bien arteko elkarrizketa artistikoan, beste alboko horma margotzeaz.

Tomas Facio artista argentinarra da, marrazki eta grabatu tekniken aztertzailea. 2014an erabaki zuen linearen azterketan zentratzea, eta horri paper garrantzitsua ematea bere lanetan, eta, horrela, marra eta bilbe bidez argi balio kopuru handiagoak sortzea lortu du.

Tomasek erabiltzen duen teknika oso berezia da, Txinako tinta erabiltzen baitu, eta beraz, denbora asko beharko du bere lana amaitzeko, hogei bat egun.

 

 

Bizikleta martxa

Larunbat honetan, urriak 26, bizikleta martxa antolatu da, Bergaratik Eskoriatzara, ibilbideko arte aztarnak ezagutu nahi duen ororentzat. Martxa 10:00etan hasiko da Bergaran, eta trenbide zaharreko bidegorritik egingo da.

Beste herrietan lanak egin dituzten artistek ere ibilbidea egingo dute, eta horrela, egileen eskutik ezagutu ahal izango ditugu Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan egindako lanak.