Lehio eta balkoietako loreen X. lehiaketa martxan dago

2017 / 06 / 02

Hamargarren urtez jarraian, Eskoriatzako Kultura sailak leiho eta balkoietako loreen lehiaketa antolatu du gure herriko leihoak eta balkoiak loreekin apaintzera herritarrak animatzeko. Horrela, herria edertzea lortuko dugu eta udaberri/uda garaian herriko kale nahiz fatxadetan, loreak protagonista nagusi izatea.

Lehiaketan parte hartzeko etxeetako leihoak eta balkoiak lorez edota landare naturalez apaindu beharko dira, baina apaindutako leihoa/balkoia kaletik begiratuta ikusteko moduan egon beharko da.  Lore apainketaren diseinua erabat librea izango da, eta ekainaren 12rako balkoi guztiak prest egon beharko dira epaimahaiak baloratu ahal izateko.

Leiho edo balkoiak proposatzeko Kultur Etxera jo beharko da. 

Aukeratutako balkoi edo leihoen argazkiak Kultur Etxeko sarreran eta interneten egongo dira ikusgai ekainaren 19tik 23ra.

Nahi duenak bere botoa eman ahal izango du, baina, pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Irabazlea aukeratzeko hiru boto izango dira: bata kultura batzordeak emango du; bestea, Olazar jubilatu elkarteak; eta, azkena, herri bozketatik ateratakoa izango da.

Balorazioa egiteko irizpide estetikoak neurtuko dira bakarrik, eta bereziki, bi hauek: batetik, lore-konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa; eta, bestetik, leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.

Hiru sari egongo dira, 80 €, 50 € eta 30 €-koak, eta epaimahaiak horrela erabakiz gero, aukera izango du accesit bat emateko.

Sariak, San Pedro bezperan, ekainaren 28an, emango dira udaletxeko pleno aretoan.

Oinarriak