Literaturari buruzko zikloa hastear

2019ko martxoak 29

Apirilaren 2an, Hans Christian Andersen daniarra jaio zen egunean, haur eta gazte literaturaren nazioarteko eguna ospatzen da, eta 23an, berriz, liburu eguna ospatzen da mundu osoan, egun sinbolikoa liburuak eta idazleak omentzeko.

Eskoriatzako Udalak bat egiten du ospakizun horiekin, eta horregatik, literaturari buruzko ziklo xume bat antolatu du eskoriatzarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko eta idazleek aurrerapen sozial eta kulturalari egindako ekarpena agerian jartzeko.

Apirilaren 2an, asteartean, kafea eta pastak egongo dira bibliotekan, eta apirilaren 5ean, ostiralean, 19:00etan, Zaldibar antzokian, literatura kedada antolatu da, literaturara irekitako mikrofonoa.

Jarduera horretan, hainbat eskoriatzarrek hartuko dute parte: beraiei gustatu zaien liburu bat gomendatuko dute, liburu zatiren bat irakurri, poeta euskaldunen -Joxean Artze, esaterako- edo espainolen -Federico Garcia Lorca, kasurako- poesia errezitatuko dute edo gitarraz lagunduta abestu, bien ala bien testuak kantu bihurtu baitituzte Mikel Laboak, Mareak, Extremodurok eta beste hainbatek.

Zure liburu kutuneko zatiren bat irakurri nahi baduzu, jarri zaitez harremanetan bibliotekako arduradunekin. Tartetxo gozo bat pasa nahi baduzu literatura ardatz hartuta, eta lagun arteko giro onean, kafea, freskagarriak eta pintxo batzuekin, gonbidatuta zaude!

Hurrengo astean gustu guztietarako ekintzak izango dira: ostegunean, apirilak 11, 18:00etan, Pello Añorga izango dugu lau urtetik gorako umeentzat “Udaberriko haziak” ipuinak kontatzen. Ordu berean, kultur etxean hilero egiten den literatura tertuliaren saio berri bat izango da Margaret Atwood idazlearen “El cuento de la criada” liburuari buruz.

Apirilaren 12an, ostirala, Eskoriatzako Musika Eskolak “Kanta Galduak” ipuin musikatuaren emanaldia eskainiko du, 18:00etan, Zaldibar Antzokian, eta ondoren, gure aiton-amona guztien omenez antolatutako “Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” lehiaketako sariak banatuko dira.

Bi aste horietan bigarren eskuko liburu azoka txiki bat izango da bibliotekan. Liburu guztiak prezio bakarra izango dute: euro bat. Nahi duenak beharrezko ez dituen liburuak eman ditzake azokarako.