Olazar jubilatuen elkartearen oharra

2020ko abenduak 21

Olazar Jubilatu Elkartearen zuzendaritza batzordeak ohar hau prestatu du bere bazkideentzako.

2020. urte honetan, konfinamenduagatik, etxeratze-aginduengatik, maskarengatik, ziurgabetasunagatik eta gabeziengatik pandemiak mundua hankaz gora jarri duen eta jende askorentzat urte arraroa eta zaila izaten ari den urte honetan, zuek ondo izatea espero dugu.

Zuzendaritza Batzorde honek ezin izan duen arren aurtengo egutegian aurreikusitako ezer martxan jarri, elkartzen jarraitzen dugu (ahal izan dugunean) elkartearen gai guztiak egunean izateko.

Bilera horietako batean, aho batez erabaki zen aurtengo bazkide-kuotarik ez kobratzea, aurten ezin izango dugulako ezer egin. Gabonetako meriendan urtero egiten den gabonetako saskien zozketa egitea ere erabaki zen: 25 pakete zozketatu dira, eta otar bat emango zaio Eskoriatzan dugun 100 urtetik gorako pertsona bakarrari.

Zozketa abenduaren 14an egin zen Kultur Etxean, bilerak egiten ditugun lekuan, eta udal langile bat jarri genuen zenbaki saridunak ateratzeko lanetan.

25 saridunen izenak abenduaren 21ean jarriko dira jubilatuen bulegoaren atean eta, beste ohar guztien moduan, Kultur Etxeko iragarki oholean.

Irabazleei banan-banan ere deituko zaie telefonoz. Paketeak jaso ahal izateko jubilatuen bulegoan zein egun eta ordutan egongo garen ere jakinaraziko da. Gogorarazten dizuegu paketea jaso ahal izateko ezinbestekoa dela bazkide txartela erakustea.

Datorren urtean jarduerak egin ahal izatea espero dugu, eta lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu guztioi jai zoriontsuak opatzeko eta besarkada estu bat emateko.

Zuzendaritza batzordea