Ongi etorria herri indigenetako ordezkariei

2016 / 10 / 05

Webgunerako

Eskoriatzako alkateak eta hainbat udalbatzarkidek ongi etorria egin zieten udaletxeko Pleno Aretoan, Garabide Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskutik Eskoriatzara etorritako 17 parte-hartzaileei. Guztiak perfil, lanbide eta jatorri desberdinekoak dira: musika irakasle eta gitarrak jole Nahuatl-a; poeta eta militante sozio-politiko-kultural Maiak; hizkuntza promotore eta haur eskolako irakasle Nasak; irakasle, doktore eta kazetari Kitxuak; hizkuntza barnetegitan barna dabilen Maputxea; zuzenbide eta filosofian lizentziatutako Baribak eta Boliviako Unibertsitate Indigenako kide Guarani eta Aimarak. Guztiak beraien hizkuntza eta identitatearen aldeko militanteak.

Urriaren 1ean iritsi ziren Eskoriatzara eta bertan egongo dira abenduaren 11 bitartean, “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa” egiten.  Aipatutako ikastaroa Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean  antolatzen da. Ikastaroan, funtsean, euskararen berreskurapenean Euskal Herrian izandako esperientzia ezagutzera emango zaie, ondoren beraiek euren hizkuntzen normalizazio prozesuaren protagonista izan daitezen.

Huheziko ordezkaria den Karmele Perezek hiru hilabeteko ikastaroaren xehetasunak azaldu zituen, Garabide elkarteko Andoni Agirrebeñak eta Jon Sarasuak kooperazio linguistiko-identitarioaz  eta esperientzia-trukearen balioaz hitz egin zuten eta azkenik, bi ikaslek hitza hartu zuten esperientzia hau bizitzeko eskaintzen zaien aukera eskertzeko.

Webgunerako2

Abendua bitartean, beraz, aipatutako herri indigenetako ordezkariak Eskoriatzan biziko dira eta Euskal Herri osoko hainbat euskalgintzako eragile eta erakunde ezagutzeko aukera izango dute.