Ostegun bidaiariak aste honetan hasiko da

2018ko irailak 10

Irailaren 13an emango dio hasiera Eskoriatzako Ostegun Bidaiariak ekimenaren bosgarren edizioak. Hainbat eskoriatzarrek urruneko herrialdeak ekarriko dituzte gure artera.  Afrika, Europa eta Hego Ameriketatik bueltan etorriko zaizkigu aurtengo hizlariak. Hauek dira emanaldi bakoitzaren xehetasunak:

MAROKO: mendia, hiriak, basamortua.
Irailak 13, osteguna, 21:00 – Zaldibar antzokia
Saioa Arzamendi.

Maroko usain, zapore, kolore, soinu eta jendarte bereziak dituen herria da, nortasun handikoa, berezia. Saioak Atlas mendiko eta Magreb osoko tontorrik altuena den Toukbalera oinez iritsi ondoren, Marokoko hiriak eta basamortua ezagutu ditu 2018ko abuztuan.

 

 

 

 

URRUTIKO BIDAIATIK, BARNEKO BIDAIARA. 
Irailak 20, osteguna, 21:00 – Zaldibar Antzokia
Nagore Uriarte

Peru, Ekuador eta Kolonbia aldean urtebete baino apur bat gehiago eman zuen Nagorek. Herri proiektu eta familia desberdinak ezagutzeko asmoz joan zen, boluntario gisa, bertako komunitateetara. Euren kultura eta bizitzeko eredu desberdinak gertuagotik ezagutu nahi zituen. Bidaia bakarrik hasi arren, lagunak egin zituen bidean, eta esperientziak herri indigenak, komunitate ereduak eta kulturak ezagutzeko balio izan badio ere, bizitza beste modu batera ikusten ere lagundu dio. 2017an egindako bidaia da.

 

 

PORTUGAL: iparretik hegora motorrean
Irailak 27, osteguna, 21:00 – Zaldibar antzokia
Naia Pagoaga

Egun kopuru zehatzik gabeko bidaia honetan 1.900 km inguruko ibilbidea egin dute bi lagunek, bi gurpilen gainean, Portugal iparraldean dagoen Montesinho parke naturalean hasi eta Algarbeko itsas-ertzeraino. Egunez egun, planifikazioa eta inprobisazioaren arteko orekak hainbat herri, hiri eta txokoetako paisaiaz, ondareaz eta gastronomiaz gozatzera eramango ditu. 2018ko abuztuan egindako bidaia da.