Prentsa oharra, Jose Aranaren herentziari buruzkoa

2015 / 02 / 10

Jose Arana Elorza jaunari aitortutako seme eta biloba biologikoei buruz hainbat egunkaritan agertutako albisteak direla-eta, Udalak honako hau jakinarazi nahi die eskoriatzarrei:

1.- Udalak 2014ko abenduaren 17an izan zuen lehen auzialdiko eta instrukzioko 2. epaitegiak emandako epaiaren berri. Epai horretan, Jose Hipolito Cortabarria,  Jose Segundo Arana Elorza jaunaren seme biologikoa dela aitortzen da, eta Jian Jose Cortabarria Estarriga jauna, Jose Segundo Arana Elorzaren biloba biologikoa aitarengandiko lerrotik.

2015eko urtarrilaren 23an, biloba biologikotzat aitortutako pertsonak aurretiazko erreklamazio idazkia aurkeztu zuen, bere herentzia eskubideak eguneratuta eskatzeko Udalari.
Epaia irakurrita ikusi ahal izan da seme-alabatasun prozedura Vicenta Madina Arriola izeneko pertsona ezezagun baten aurka egin zela, bera izateagatik gertueneko oinordea, eta horrek demandari amore emanda, bestelako tramiterik gabe, epaia eman zen.

Prozedura Zibilaren Legeko 766. artikuluak berariaz xedatuta duenez, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasun prozeduretan, gurasoak hilda dauden kasuan, oinordekoak izan behar dira alderdi demandatuak, eta, kasu honetan, Eskoriatzako Udala ez zen demandatua izan, nahiz eta demandatzaileak aurrez jakin Udal hau oinordeko zela. Deigarria da demandatu bezala deitua ez izatea seme-alabatasun prozedurara, eta jarraian, herentzia eskubideak erreklamatzeko idazkia aurkeztea Udal honetan.

Horregatik, berraztertze-errekurtso baten bidez epaia hutsaltzeko aukera egon daitekeen aztertu behar du Udalak.

 2.- Auziaren muinari dagokionez, Udal honek irizten du epaitegiek goian aipatutako bi pertsonak Jose Arana jaunaren seme eta biloba biologikotzat aitortu izan arren, horrek ez duela atzeraeraginik Konstituzioa indarrean sartu aurreko oinordetza irekietan. Hain zuzen ere, Konstituzioa indarrean sartu eta gero (14. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean, inolako bereizkeriarik egin gabe jaiotzarengatik), 1981eko maiatzaren 18ko Legeak Kode Zibila aldatu zuen seme-alabatasunari, guraso-ahalari eta ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzko arloetan, eta era berean, zortzigarren xedapen iragankorrean jasotzen du Lege hori indarrean sartu aurreko oinordetza irekiak aurreko legeriak arautuko dituela.

Kode Zibilaren 657. artikuluak xedatutakoaren arabera, oinordetza norbait hiltzen den unetik jasotzen denez, eta Jose Arana jauna, ezkongabe hil zenez 1908ko abenduaren 5ean, aplikatu beharko litzaiokeen legeria egun hartakoa da, herentzia jasotzeko bidezko eskubidea seme-alaba legitimoena bakarrik zena.